Santa Anako arkua eta artopila agertzen dira \'Durangoko jaien isla\' kartelean.
San Fausto jaiek badaukate aurtengo ediziorako irudia. Julen Bordes durangarrak irabazi du lehiaketa, \'Durangoko jaien isla\' irudiagaz. Herritarren zein epaimahaiaren gogokoena izan da; protzentaia kontuan hartuta, boto guztien %25,2 lortu ditu. Bigarren sailkatuak botoen %22,6 batu ditu, eta hirugarrenak %21,4. Lehiaketara hamalau kartel aurkeztu dituzte, eta herritarrek web bidez eman ahal izan dute botoa. Ostean, epaimahaiak bost bozkatuenen artean hartu du erabakia.
Santa Ana eta Pinondo ingurua eta artopila dira irudiko protasgonistak. Bordesek zergatia azaldu du: "Santa Anako plaza eta arkua agertzearen ideia, jaia bertan sentitzen delako etorri zitzaidan. Artopilaren kontuak jaia hainbat modutara ospatzeko ohiturak daudela erakusten digu". Artopila esku batetik bestera pasatzen ageri da irudian, "jaiaren esentzia" islatu guran.