Celaák Durangon zabaldu du ikasturte berria

Anboto 2012ko ira. 3a, 13:01

Urriko hauteskundeen harira, Celaak esan du hezkuntza saila kudeatzen jarraitzeko asmoa daukatela

Urriko hauteskundeen harira, Celaak esan du hezkuntza saila kudeatzen jarraitzeko asmoa daukatela.

 

Durangoko Landako ikastetxean inauguratu du ikasturtea Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak. Agintaldiko balantzea eta aurrera begirako erronkak aurkeztu ditu prentsaren aurrean. Urriaren 21erako hauteskunde autonomikoak deituta daudenez, erronka horiek kolokan egon daitezke. Kazetariek horretaz galdetu diote, eta erantzun du datorren legealdian ere saila kudeatzen jarraitzeko intentzioa daukatela.

 

PSE-EEk Eusko jaurlaritzako agintea hartu zuenetik hiru urte pasatu dira. Celaak bere sailaren balantze ona egin du: "Hartutako konpromisoak bete ditugu". Bere arabera, krisi sasoian, murrizketen aurrean politika aurrerakoia egiteko eredua da eurena. Ikasgeletako ratioak handitu dituzte, baina neurria defendatu du. Hezkuntza sarea handia dela-eta, ratioak hamarreko batzuk igotzea asumitu dezaketela dio. EAEko eskola eredua krisiari alternatiba dela uste du. "Hezkuntza ukiezina da", esan du Espainiako Gobernuaren murrizketei erreferentzia eginez.

 

Aurrera begira, nobedade nagusi bat aipatu du: genero biolentziaren inguruko esperientzi pilotu bat ipiniko dute martxan hainbat ikastetxetan. Iaz biolentziaren biktimak hasi ziren ikastetxe batzuetara joaten, esperientzia kontatzeko, eta aurten ere jarraituko du ekimenak: "Helburua, izugarrikeria berriro ez geratzea da".

 

Bestalde, iaz 108 ikastetxek aplikatu zuten hezkuntza hirueleduna. Guztiek errepikatuko dute aurten; guztira 12.000 ikaslek jasoko dituzte ikasgaiak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Celaaren iritziz, hizkuntza eredu hori atzera bueltarik bakoa dela erakusten du ikastetxeen konfirmazioak, eta etorkizunean eredua zabaltzeko asmoa agertu du.

 

Sozialistek Eskola 2.0 ekimena ipini zuten abian. 80.000 ordenagailu banatu dituzte eskoletan. Adierazi du ordenagailuak erabiltzeak ikasleen motibazioa handitu duela; %96an izan ei da horrela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!