Txosna batzordea osatzen duten hamasei elkarteek Kurutziaga kalean ipiniko dute aurten txosnagunea. Lau karpa eta bost txosna jarriko dituzte.
Udalak proposatutako errotazio sistemak Pinondo eta Zumar kalea aurreikusi ditu orain arte, baina txosnek ezezko borobila eman diote bigarren kokapen horri, jaigunetik urrun dagoela argudiatuta. Aitor Beobide txosna batzordeko kideak azaldu duenez, “Zumar kalera joango ez ginela ikusirik udalagaz beste leku batzuk aztertzen hasi ginen iaz”. Besteak beste, Kurutziaga proposatu zuten txosnek eta udalaren baiezkoa jaso zuten.
Hasieran, kokapen berrian zazpi txosna jartzeko proposamena aurkeztu zuen udalak. Txosna batzordeak berriz, teknikari baten laguntzagaz Jaurlaritzak ezarritako legeak kontuan hartuta beste proposamen bat egin du: lau karpa eta bost txosna ipintzea. Udalagaz edukitako azken batzarrean elkarteek aurkeztutako proiektuari baiezkoa eman dio udalak.
Euskalgintzaren karpa
Txosnaguneko nobedadeetako bat euskalgintzaren karpa izango da. Durangon euskalgintzan diharduten lau elkartek gune berria estreinatuko dute aurten. Ibaizabal Ikastola, Euskal Herrian Euskaraz, Berbaro Taldea eta AEK batuko dira karpapean.
Gai teknikoak gaindituta, txosna batzordeko programazio arduradunak jai egitaraua osatzen ari dira burubelarri. San Fausto Eguna aurten zapatua denez, egun horretako ekitaldiak jendetsuak izatea gura dute. Aitor Beobidek egun horretako bi ekitaldi azpimarratu ditu: “Ekintza parte-hartzaileei garrantzia eman gura diegunez, urriaren 13an paella lehiaketan eta erreka jaitsieran jendetza batzea itxaroten dugu”.