Bonbardaketako biktima zibilen ordezkari moduan ohorezko aitortza jaso du Durangok

Anboto 2012ko uzt. 26a, 09:08

Gerra zibilean sufritutako bonbardaketen biktima zibilen ordezkari moduan eman dio Bizkaitar Argia izendapena Durangoko Udalari Bizkaiko Foru Aldundiak. Gernikako Udalak ere jaso du ohorezko aitortza hori. Gorabide elkarteari ere aitortu diote egindako lana: 50 urteotan, minusbaliotasunen bat duten pertsonekiko bultzatutako gizartearen konpromiso etiko eta solidarioa aintzat hartuz

Gerra zibilean sufritutako bonbardaketen biktima zibilen ordezkari moduan eman dio Bizkaitar Argia izendapena Durangoko Udalari Bizkaiko Foru Aldundiak. Gernikako Udalak ere jaso du ohorezko aitortza hori. Gorabide elkarteari ere aitortu diote egindako lana: 50 urteotan, minusbaliotasunen bat duten pertsonekiko bultzatutako gizartearen konpromiso etiko eta solidarioa aintzat hartuz.

 

Bizkaitar Argia izendapenagaz "gure lurralde historikoa eta honen baloreak zaintzen jardun izan duten partikular, pertsona juridiko, zerbitzu eta jarrerei" ohorezko aitormena egin gura dire foru erakundeak. Durangoko Udala izan da, aurten, izendatuetariko bat, Gernikako Udalagaz batera. Biak ala biak Bizkaiko bonbardaketa tragikoenen biktimak ordezkatzeagatik. "Biktima zibilak, haurrak, gizonak eta emakumeak, guztiak errugabeak, aintzatesteko eta omentzeko" eman die Bizkaitar Argia aldundiak. Pairatutako mina eta hondamendia gogoan hartu gura da, horrelako gertaera gaitzesgarriak berriz gerta ez daitezen.

 

Durangoko alkate Aitziber Irigoras izan da ekitaldian, 1937ko martxoaren 31ko gertaera tragiko hartatik bizirik irtendako zenbait lekukorekin batera. Irigorasek izendapena eskertu dio Aldundiari, duetla 75 urte gertatutako bonbardaketaren biktimen ordezkari lez jasotzen dutela adieraziz: "Gertakari hartan ehundaka hildako, zauritu, hautsitako familia egon ziren. Suntsitutako herri bat eta gezurrez, lotsaz eta inposizioz betetako urteak etorri ziren. Mina oraindik ere bizirik dago gure etxeetan eta gure herrian, eta oroitzapen honek egia, memoria eta erantzukizuna oinarri dituen etorkizuna eraikitzeko balio izatea espero dugu".

 

Aipatu bezala, Gorabide elkarteari ere eman diote Bizkaitar Argia, minusbaliotasunen bat dutenen pertsonekiko gizartearen konpromiso etiko eta solidarioa bultzatuz azken 50 urtean egin duen lanagatik. Medikuntzan doktore eta Biokimika katedraduna den Felix Goñi Urcelayri ere eman diote izendapena, "bere lan profesional oparoarengatik".

 

1990az geroztik ematen du Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaitar Argia, besteak beste, honako hauek jaso dute izendapena: Marino Lejarretak, Bilboko Athletic Klubak, Pete Cenarrusa gobernadore estatubatuarrak, Manu Leguineche kazetariak eta CEBEK enpresarioen konfederazioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!