Musika artista bihurtuta bueltatu dira gazteak Berbaroren udalekuetatik

Anboto 2012ko uzt. 22a, 08:31

Berbaro euskara elkarteak Nafarroako Mendigorria herrian antolatu ditu udaleku finkoak. Gazteek ez dute aspertzeko denborarik izan. Hamar egunetan egin dituzten ekimenen artean egon dira bideo klip lehiaketa bat, Mendigorria TV sariketa eta inguru hura erakusteko sortu eta grabatu duten lip duba

Berbaro euskara elkarteak Nafarroako Mendigorria herrian antolatu ditu udaleku finkoak. Gazteek ez dute aspertzeko denborarik izan. Hamar egunetan egin dituzten ekimenen artean egon dira bideo klip lehiaketa bat, Mendigorria TV sariketa eta inguru hura erakusteko sortu eta grabatu duten lip duba.

 

\"\"

 

Berbaro euskara elkarteak Mendigorrian (Nafarroa) antolatu dituen udalekuetan zortzi eta hamabi urte arteko 61 gaztetxok parte hartu dute. Hamar egun bertan eman ostean, eguaztenean bueltatu ziren etxera. Artista eginda bueltatu dira gainera. Abesti ezagun bat aukeratu eta haren gainean bideo klipak grabatu dituzte taldeka, sormena landuz. Gero, lanik onenak bereiztu zituzten Mendigorria TV sarietan; edo  bestela esanda, MTV sarietan. Lanik onenaren saria Erretxinak taldeak jaso zuen.

 

The Uskis taldearen Olatuak bezala abestia originaltasunez eta irudimen handiz eraman zuten irudietara Erretxinak taldeko gazteek. Beste arlo batzuk ere saritu zituzten: koreografiarik onenaren saria Bolabotiak taldeak jaso zuen; efektu berezien atalekoa Piñaburuek; bideo klip originalenarena, Berdelak taldeak; eta makilaje eta jantzi onenarena, Txirloak taldeak. Horrez gainera, Leire Apariciok eta Ander Azkaratek dantzari edo antzezle onenaren sariak ere jaso zituzten.

 

Mendigorria TV sariek ikusmin handia eragin dute Interneten. Artista gazteen gurasoek bertatik bertara jarraitu dituzte euren seme-alaben ibilerak blogean: www.blogak.com/mendigorria. Hantxe daude ikusgai bideo klip denak, sari banaketa ekitaldiko argazkiak edota Mendigorrian egindako ekitaldi guztien inguruko berriak: “Gurasoak denbora guztian hantxe sartuta egon dira. ‘Noiz sartuko dituzue bideo edo argazki gehiago?’ galdetzen ziguten kalean ikusten gintuztenean”, gogoratu du Berbaroko Oihane Barrutiak.

 

Gazteek euren artista sena erakusteko aukera gehiago ere izan dute. Esaterako, Mendigorrian zeuden etxea eta inguruak erakusten dituen lip dub bat grabatu zuten. Txoko denak erakutsi ostean, igerilekuan eta uretan amaitu zuten bisita musikatua. Bideo hori ere blogean dago.
Udaleku ibiltariak

 

Berbarok eskaintza zabala izan du gaztetxoentzako. Hiru eta hamar urte artekoak Amankomunazgoko Behargintzaren azpiegituretan batzen dira. Guztira, 85 gaztetxo dabiltza, eta aste bakoitzean gai bat lantzen dute. \"\"Asteon espazioa izan da gaia eta, besteak beste, Donostiako Eureka! Zientzia Museoa bisitatu dute.

 

Hamabi eta hamalau urte arteko 29 gaztek, aldiz, Zumaian hasi eta Bakion amaitu den udaleku ibiltarian parte hartu dute. Guztira 71 gaztetxo ibili dira, Durangokoei  Lasartekoak eta Hernanikoak ere batu zaizkielako. Surfa eta eskalada praktikatu dituzte, esaterako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!