Udal langileek %7 gehiago irabaziko dute bataz beste

Anboto 2012ko uzt. 19a, 09:53

Sei hilabeteko prozesuan lanpostuen sailkapena aztertu eta horren ondorioz hartu dute erabakia

Sei hilabeteko prozesuan lanpostuen sailkapena aztertu eta horren ondorioz hartu dute erabakia.

 

Udal beharginek gehiago kobratuko dute Durangon. Lanpostuen sailkapena ebaluatu dute berriro, eta erabakia prozesuaren ondorioetako bat izan da. Sei hilabetean aritu dira azterketa egiten langileen eta agintarien ordezkariak. Beharginak, lanpostuaren arabera atalka daude sailkatuta, eta azterketa horrek puntuazio berriak ezarri ditu.

 

Horregatik, igoera ez da kasu guztietan berbera izango, enpresa batzordeko kide Jose Ramon Lasargurenek azaldu duenez. Bataz beste, lan-taldearen aurrekontuan %7ko igoera suposatuko du aldaketa orokorrak: 473.100 euro urtero. Hala ere, Lasargurenek gogoratu du 2010etik hona ia %15eko jaitsiera eduki dutela: 2010ean %5eko jaitsiera jasan zuten,  2011 eta 2012an soldata izoztu diete,  lan astea 35 ordutik 37ra altxatu, eta Gabonetako aparteko soldata kendu.

 

EAJ, Bildu eta Aralarren botoekin onartu dute egitasmoa. Aralarreko Dani Maezturen iritziz, “harro egotekoa” da sasoi hauetan udalak beharginen soldatak igotzea. PP abstenitu egin da bozketan, eta PSE-EEk ez du bat egin ekimenagaz. Pilar Rios zinegotzi sozialistak egitasmoa atzeratzea eskatu du, egoera ekonomikoa hobetu arte. Gainera, inbertituko den dirua langabetuak kontratatzeko erabiltzea proposatu du. Maeztuk esan du kosta egiten zaiola ulertzea sozialisten jarrera. Lasargurenek dio kontra bozkatzea zilegia dela, baina ez duela ulertzen arrazoi  hori erabiltzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!