Bilduk eta Aralarrek diote alokairuko hogei etxe gehiago egin ahal zirela; PSE-EE kritikatu dute.
Oposizioak ez dauka batasunik Durangon. Joan zen astean, Faustegoienako planaren harira mezua bota zioten Bilduk eta Aralarrek PSE-EEri: "Aukera paregabea daukagu EAJk interes pribatuen aginduetara egindako politikak aldatzeko". Oraingoz ez dute lortu. Urtebete pasa da legealdia hasi zenetik, eta oposizioko alderdiek ez dute ildo bateratu bat garatu. EAJ gehiengo sinpleagaz dabil gobernatzen, 21 zinegotzitik zortzi dauzkalako. Ezkerreko taldeak batuz gero gehiengo osoa edukiko lukete, hamaika zinegotzigaz: Bilduk sei, PSE-EEk hiru eta Aralarrek bi. Baina, euren arteko hartu-emana ez dago sasoirik onenean, eta martitzenean egindako osoko bilkuran ere egoera hori islatu zen. Hainbat gaitan ika-mikak eduki zituzten; handiena, Faustegoienan eraikiko diren babes ofizialeko etxeen inguruan.
Faustegoienan babes ofizialeko 119 etxebizitza egitea onartu du udalak, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin. Horietatik 103 jabedunak izango dira, eta hamasei udalarenak, gazteei alokairuan emateko. Lur eremu hori udalarena da, eta saltzeagatik jasoko duen diruak sortu du polemika. Bilduk eta Aralarrek diote, diru horregaz 20 etxe gehiago egin ahalko zirela alokairurako. Euren susmoa da gobernu taldeak beste egitasmo batzuetako gastuak kubritzeko erabiliko duela. Jon Bingen Landabideak (Bildu) PSE-EE kritikatu du: “Zorionak EAJri egoera ekonomiko kaxkarrean laguntzearren”.
Bilduk eta Aralarrek diote ez direla egingo ahal beste etxe alokairurako, eta sozialistei leporatu diete horren ardura. Gainera, duela hilabete bi sozialistek ere eskari bera egin zutela-eta “harrituta” agertu da Landabidea. Idoia Agorriaren esanetan (PSE-EE), akordioetarako borondatea beharrezkoa da. Egitasmoari zati bat falta zaiola eta soberan dagoen dirua alokairuan berrerabiltzeko itxaropena daukala dio.
Dani Maezturen ustez (Aralar), proiektua ez da sozialena eta egokiena. Bankuek etxeak erosteko ia ez dutela krediturik ematen adierazi du, eta horregatik alokairua bultzatu behar dela. Ohartarazi du Odi-bakarreko promozioan 58 etxe eraiki zirela, eta 80 pertsonak uko egin diotela etxeari. EAJren izenean pozik azaldu da Goiztidi Diaz, eta egitasmoari garrantzia handia eman dio.