Eleak Mugimenduak prentsaurrekoa eman zuen bariku goizean herritar bik euren autoetan jarraipen aparatuak aurkitu dituztela jakinarazteko. Horietako bat Liher Gonzalez durangarra da, Oier Gonzalez preso ohiaren anaia. Salaketa ipini dute.
Abando hotelean eskainitako prentsaurrekoan Liher Gonzalezen eta Bonifacio Badilloren (Irkus Badillo euskal presoaren aita) autoetan aurkitutako aparatuen argazkiak erakutsi dituzte. Eleak Mugimenduak horrelako kasuetan salaketa judiziala aurkezteko deia egin du eta eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu ditu.
Gonzalezek orain hiru hilabete inguru aurkitu zuen jarraipen aparatua bere autoan. Kasualitatez aurkitu zuela dio, autoa garbitzen zebilela. Autoaren barruan ezkutatuta zegoen: “Aparatua aurkitu nuen tokiagatik eta zuen itxuragatik, garbi zegoen ez zela autoarena aparatu hura”, azaldu du. Tramankulua aurkitu eta handik astebete ingurura ipini zuen salaketa.
Antzerako kasu gehiago daudela dio: “Jakin dakigu badaudena, bastante gehiago. Horietako asko Bizkaian dira”.