Faustegoienako babeseko etxeen proiektua martitzeneko udal bilkuran eztabaidatuko dute. Bilduk eta Aralarrek diote alokairukoak ez direla ahal beste izango. PSE-EEri, EAJgaz daukan hitzarmena apurtzeko eskatu diote.
Bilduk eta Aralarrek prentsaurrekoa eman dute datorren martitzenean udalbatzarrean landuko den Faustegoienako egitasmoaz iritzia emateko. Ez daude ados proiektuagaz, eta kontra bozkatuko dute. "EAJk eta PSE-EEk euren bozkak batuko dituzte, herritarrei iruzur egiteko". Diotenez, babeseko 136 etxebizitza eraiki gura dituzte, eta horietatik hamasei alokairukoak izango lirateke. Lurrak udalarenak dira, eta saltzeagatik bueltan jasoko duen diruagaz alokairuko 36 etxe egin ahalko zirela kalkulatu dute Bilduk eta Aralarrek. "Udalaren helburua izan beharko litzateke ahalik eta gehien alokairuan ateratzea".
36 beharrean hamasei eginda, inbertitu bako diru horregaz zer egingo den kezka azaldu dute. EAJren aurka egin dute: "Lurzoru ondare publikoa salduz lortutako dirua, hainbat obra publikoetan dauden gain-kostuak ordaintzeko bideratzen du". Ondorioz, "EAJren diru publikoaren xahuketan konplizea bihurtzea" leporatu diote PSE-EEri. Sozialisten jarreragaz harrituta agertu dira, eta martitzenean iritzia aldatzeko eskatu diete. PSE-EEren bozkekin, hamaika zinegotzi batuko lirateke proiektuaren aurka, eta ez luke aurrera egingo. "Aukera paregabea daukagu EAJk interes pribatuen aginduetara egindako politikak aldatzeko".
Bildu eta Aralarrentzat alokairu publikoa da apustua etxebizitza arloan. Azaldu dute Odi-Bakarreko promozioan 80k uko egin diotela etxea erosteari, bankuek ez dutelako krediturik ematen. "Alokairua da irtenbide sozialena eta egokiena".