Tabira auzoraino ailegatuko da laster bidegorria

Anboto 2012ko uzt. 13a, 09:50

Bidegorri sarearen seigarren fasea onartu du udalak; hamar kilometro edukitzera pasatuko da

\"\"Bidegorri sarearen seigarren fasea onartu du udalak; hamar kilometro edukitzera pasatuko da. 

 

Alde zaharra eta Tabirako igerilekuak lotuko ditu bidegorriaren tarte berriak. 2008an hasi zen udala bidegorri sarea zabaltzen. Ordura arte, Muruetatorreko kiroldegiaren inguruan zegoen bakarrik ziklistentzako bidea. 600 metro alderik alde. Azken lau urteetan bost fasetan eraiki du udalak bidegorria, eta berri honegaz, guztira hamar kilometro edukiko ditu. Planoa eskegi dute www.durango-udala.net webgunean, eta ekarpenak ere egin ahalko dira uztailaren 20ra arte.

 

Udal ordezkariek azaldu dutenez, bizikleta joan-etorriak %6 igo dira azken hiru urteotan. Esaterako, 250 ikasle joaten dira egunero eskolara bizikletan. Garapen iraunkorraren zinegotzi Iker Ocejak dioenez, garraio jasangarria bultzatzeko beharrean, bide onetik doazela erakusten dute jaso dituzten datuek: "Bide beretik jarraituko dugu. Izan ere, Durango, neurriei eta ezaugarri geografikoei erreparatuta, hiri aproposa da bizikletaz ibiltzeko".

 

 

 

 


Hurrengo fasean auzoak lotuko dituzte bidegorrira

 

Bidegorri sarea bost fasetan garatu du orain arte udalak. Lehenengoan, alde zaharra eta Askatasun etorbidea lotu zituzten. Bigarrenean, Landako eskola, Landako igerilekuak eta alde zaharra. Hirugarrenean, Landako eskola, San Ignazio eta Frai Juan Zumarraga Institutua. Laugarrenean, San Fausto eta alde zaharra. Eta bosgarrenean, San Fausto, Alienalde industrialdea eta Abadiñoko Astola auzoa. Seigarrenean egingo dute alde zaharra eta Tabira artekoa.

 

Udal ordezkariek azaldu dutenez, orain eraikiko duten zatiaren ostean zer egin ere badute pentsatua. Hurrengo fasean, auzoak lotuko dituzte bidegorri sarera. Esate baterako, Frai Juan Zumarraga institututik Aramotzera jarraituko dute. Handik, sahiesbideagaz paraleloan, Tabira alderaino eraikitzea aurreikusten dute.

 

 

\"\"

“Bidegorria ondo dago, eta zati gehiago egongo balira hobeto”

 

Angel Rodrigezek egunero erabiltzen du bidegorria. Bizikletan joaten da beharrera. “Bidegorria ondo dago, eta zati gehiago egongo balira hobeto”. Abantailak dauzka, bere ustez: “Bidegorritik ez daukazu kontrako norabidean joateko beharrik, Montevideotik Kurutziagarantza bazatoz, adibidez”.
Dioenez, oinezkoek ez dute bidegorria asko errespetatzen: “Umeen aulkiekin-eta erdian gelditzen direnean molestatzen du gehien”.

 

“Txirrindulari askok ere zapaltzen dugu bidegorria oinez goazenean” \"\"

 

Basilio Paniaguak sarri erabiltzen du bidegorria. Bere iritziz ondo dago, baina badauka zer hobetu: “Gasteizen, adibidez, hesi  batzuekin mugatuta dago bidegorria”. Zeozelan markatuta, oinezkoak ez pasatzeko argigarriagoa litzakela uste du.
Oinezkoekin tolerantzia behar dela pentsatzen du: “Bizikletan egunero dabilena kexatu egiten da, baina txirrindulari askok ere zapaltzen dugu oinez goazenean”. Oraindik kontzientziazioa falta ei da.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!