Lokalen barruko erabilera pribatua izatea gura dute

Anboto 2012ko uzt. 12a, 08:38

Gazteek eta bizilagunek lokalak arautzeko proposamen berria egin dute

Gazteek eta bizilagunek lokalak arautzeko proposamen berria egin dute.

 

Amaitu dute gazte lokalen ordenantza berria proposatzeko prozesu parte-hartzailea. Urtarrilean landu zuen udalbatzarrak gaia, baina lokalen erabiltzaileek protesta egin zuten, euren iritzia ez zela kontuan hartu esanez. Ondorioz, udalaren araudia geldi geratu zen.

 

\"\"

 

Gazteek eztabaida prozesua egitea erabaki zuten, bizilagunak eta elkarteak ere gonbidatuta. Prozesua unibertsitateko ikasle talde batek dinamizatu du, eta Aingeru Mimentzak laburbildu ditu prozesuko ondorioak: “Udalak ezarri nahi dituen kontrolak justifika ezinak direla erabaki da”. Ekintzen memoria eta aurretiko baimenak ipini ditu adibide. “Lokalen barruan egiten diren jarduerak, edonoren etxean bezala, pribatuak izango dira”. Bestelako neurri askotan ere, etxeei ezartzen zaizkien arauak ezartzea eskatu dute. Esaterako, suteak detektatzeko tresnak instalatzea exijitzen du hasierako ordenantzak. Neurria kendu egin gura dute.

 

Lokalen itxiera orduak sortu ei ditu batzarretan eztabaida handienak. Ordenantzak zioen 22:30ean zarratu beharko zirela. Erabiltzaile eta bizilagunek ez ei dute beharrezko ikusi itxiera arautzea. Ordu hori, zarata amaitzeko izan dadila planteatu dute. Horrez gainera, zigor ekonomikoak gehiegizkoak direla diote. Arauak haustean, zigorra lokalak zarratzea izatea gura dute.

 

Leire Legorburuk prozesuko partaideen izenean esan du ordenantza berriak bizikidetza eta errespetua dauzkala oinarri. “Lokalekin lotura dugun eragileen hitza entzun eta beharrak ulertzeko ahalegina izan da prozesua”. Alderdi politikoei eskatu die proposamenaren alde egiteko: “Udalari gure hitza entzun eta errespetatzeko eskatzen diogu”. Alderdiei emango diete txostena, eta udalbatzarrak uda ostean lantzea itxaroten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!