"Adiskidetzea beharrean, elkarbizitza baketsua da gizarteak behar duena"

Anboto 2012ko uzt. 13a, 14:50

Isilean egindako lanaren berri eman dute Glencree ekimeneko kideek. Duela bost urte ETAren, GALen, Batallon Vasco-Españolen eta Poliziaren biktimak batzeari ekin zioten elkarren berri izan zezaten. Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako ekimenean 25 lagun bildu dira bost urte hauetan. Hasieran Irlandan elkartu ziren eta ostean hurreagoko topaketetan. Talde honetako kide izan da Mari Carmen Hernandez, Jesus Mari Pedrosaren alarguna

Isilean egindako lanaren berri eman dute Glencree ekimeneko kideek. Duela bost urte ETAren, GALen, Batallon Vasco-Españolen eta Poliziaren biktimak batzeari ekin zioten elkarren berri izan zezaten. Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako ekimenean 25 lagun bildu dira bost urte hauetan. Hasieran Irlandan elkartu ziren eta ostean hurreagoko topaketetan. Talde honetako kide izan da Mari Carmen Hernandez, Jesus Mari Pedrosaren alarguna.

 

Zelan hartu zenuen ekimen honetan parte hartzeko proposamena?

Oso positiboa iritzi nion hasieratik. Lehenengo deialdirako deitu ninduten, baina datak ez zitzaizkidan ondo etorri eta bigarrenera joan nintzen. Egitea behar genuen gauza bat zela uste nuen: beste biktima batzuei entzutea.

 

Zergatik Irlanda eta Glencree?

Topaketa gure testuingurutik kanpo antolatzeko baldintzak betetzen zituelako. Erakunde honek munduko biolentzia errealitate askori buruzko jardunaldiak antolatu ditu. Lehenengo bi saioak han egin genituen. Beste batzuk, beste leku batzuetan, Euskal Herrian ere bai.

 

Joan aurretik taldeko inor ezagutzen zenuen?

Egunkarietatik agian baten bat. Maixabel [Lasa, Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria] da ezagutzen nuen bakarra, eta hura ere oso gutxi. Hegaldia hartzeko elkartu ginenean ez dakizunez zegaz topo egingo duzun, beldur horregaz zoaz.

 

Zein metodologia erabili  zenuten batzarrak antolatzerako?

Heltzeagaz batera elkar ezagutzeko batzarra egin genuen. Batzarren nondik norakoak azaldu zizkiguten eta izotza urtzen joan zen. Tentsio handiko momentua izan zen.

 

Prozesu honetan mesfidantzarik izan duzue?

Ezezkoan nago. Denok gogotsu joan ginen bakoitzak bere aldetik ipintzeko. Tentsio momentuak egon ziren. Bakoitzak bere historia azaltzea gogorra izan zen. Prozesua neketsua izan arren,  irteterakoan besarkadak eta negarrak egon ziren. Barkamena ere eskatzen zen. Alde guztietatik sufrimendu handiak egon diren historiak azaltzen ari ginen. Horixe zen denok komunean geneukana: sufrimendua.

 

Zein izan da taldearen helburua?

Taldeak ez du sufritutako biolentziaren ordezkari izan gura. Ezberdinen arteko eztabaida bultzatzeko baldintzak indartu gura izan ditugu. Gaur egunera arte ezelango errekonozimendurik izan ez duten biktimekin ere bai.

 

Elkar ulertzera heldu zarete?

Adostasun puntuetara heldu gara. Batez ere errespetua eta elkarbitzitza baketsua. Esperientzia hau autokritika indibidual edo kolektiboa izatea gurako genuke, zailtasunak zailtasun, elkar ulertzea posible dela erakusteko.

 

Maila pertsonalean zertan lagundu dizu?

Zauriak osatzen laguntzen du. Batzuek esan zuten liberazio moduko bat izan zela. Positiboa izan da talde osoarentzako.

 

Glencree  ekimenaren partaideok azaldu duzuenez, biktimak deskribatzeko sarritan erabiltzen dituzten definizioekin ez dago ados zuen taldea.

Ez dugu atsegin zelan berba egiten den gizartean gure errealitateaz, errealitate hori oso anitza delako. Gizarteari gure mezua helarazteko eman genuen prentsaurrekoan azaldu genuenez, tabuak eta oztopoak hautsiz hurbildu gara elkarrengana. Bakoitzaren beldurrak eta estereotipoak, frustrazioak eta norberaren atsekabe historia aurrez aurre jarrita, elkarrekin bizitzeko oinarriak aztertu ditugu.

 

Barkamena eskatu beharraren inguruan berba egiten du askok.

Guk gai hori ez dugu landu. Barkamenak dimentsio pertsonal bat dauka. Adiskidetzea beharrean, elkarbizitza baketsua da gizarteak behar duena. Ez dago historia idazteko presarik eduki beharrik. Urteekin idazten joango da. Bakoitzak lehenaldiaren inguruko autokritika egin behar du egiarekin eta justiziarekin. Egin diren akatsetatik ikasi beharra dugu berriro ez egiteko. Hurrengo belaunaldiak ea lasaiago bizi diren.

 

Ekimen honetatik aparte, Langraizko (Araba) preso bategaz egon zara. Zelako esperientzia izan da?

Berarekin ea batzartu gura nuen galdetu zidaten eta baietz erantzun nuen. Pertsona horrek bizi izan duen sufrimendua ikusi dut. Autokritika prozesua egin du eta zintzoa iruditu zitzaidan. Familiei sortu dien minak ez duela atzera bueltarik esan nion, garrantzitsuena bide horretatik jarraitzea dela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!