Bidegorri sarearen seigarren fasea egitea onartu du udalak. Tarte berriagaz, hamar kilometroko bidea izango da guztira.
2008an hasi zen udala bidegorri sarea zabaltzen. Ordura arte, Muruetatorreko kiroldegiaren inguruan zegoen, bakarrik, ziklistentzako bidea. 600 metrokoa zen. Azken lau urteetan bost fasetan eraiki du udalak bidegorria, eta berri honegaz, hamar kilometro izatera pasatuko da.
Alde zaharra eta Tabirako igerilekuak lotuko ditu bidegorriaren tarte berriak. Egitasmoaren planoa eskegi du udalak bere webgunean, eta ekarpenak ere egin daitezke uztailaren 20a bitartean. Udaletik azaldu dutenez, hurrengo fase batean auzoak eta egungo sarea lotuko dituzte.
Bidegorri sarea Agenda 21eko programaren emaitza da. Bizikleta bidezko joan-etorriak %6 igo dira azken hiru urteetan. Esaterako, 250 ikasle joaten dira egunero eskolara bizikletaz. Garapen iraunkorreko zinegotzi Iker Ocejaren ustez datuok bide onetik doazela erakusten dute: "bide beretik jarraituko dugu, izan ere, Durango, neurriei eta ezaugarri geografikoei erreparatuta, hiri aproposa da bizikletaz ibiltzeko".