1969ko ekainaren 28a oso egun garrantzitsua izan zen gayen, lesbianen, transexualen, bisexualen, queerren eta abarren askapen-mugimenduarentzat. Izan ere, ekainaren 27tik 28rako gauean, New Yorken, \"Stonewall\" izeneko pubean, transexual, lesbiana eta gay talde bat matxinatu egin zen, poliziak kolektibo hori jazarri egiten zuela salatzeko, eta, horrela, beren eskubideak aldarrikatzeko. Poliziari aurre egin zioten beraz, poliziaren jazarpenari, irainei eta indarkeriari, hobeto esateko. Zenbait egunez, ordura artean beldurraren beldurrez ezkutaturik bizi behar izan zutenak kalera atera ziren, beren izaeraz, beren itxuraz eta beren harremanez inolako lotsarik ez zutela ozenki esateko.
Gaur da LGTBQ (lesbikoa, gaya, transexuala, bisexuala, queerra) kolektiboaren askapenaren eguna, eta \"harrotasunaren eguna\" ere esaten zaio batzuetan. Ez dugu ahaztu behar historian zehar sexu-jardunbideen intsumisioak oso zigor gogorrak jasan dituela, hau da, heteroarauetatik atera den jokabide orok jazarpen gupidagabea pairatu duela betidanik, baita genero-identitateko anbiguotasunak ere: trans pertsonak, mari-mutilak edo maritxuak deitu izan digute, eta gaur egun harrotasunez esaten ditugu horiek, hizkuntza gureganatuz. Kontuan hartzekoa da Osasunaren Mundu Erakundeak 1990era arte itxaron zuela homosexualitatea patologien zerrendatik kentzeko. Ildo horretan, transexualitatea buru-gaixotasuntzat jotzen da oraindik ere, eta psikiatria-alorreko zenbait eskuliburuk (DSM eta CIE) genero-disforia dela diote. Ez dugu ahaztu behar mundu osoan kolektibo hori jazarrita dagoela: bortxaketa kolektiboak egiten dira lesbianak \"sendatzeko\", transexualak diskriminazioaren eta estigmatizazioaren biktima dira, eta batzuetan erahil ere egiten dituzte. Giza eskubideen kontu bat da, funtsezko eskubideen kontu bat alegia.
Gure sexualitatea askatasun osoz bizi nahi dugu, baina bide horretan oztopoak baino ez ditugu aurkitu orain artean. Azpimarratu nahi dugu herritar zintzoen eta gaiztoen arteko banaketa, lehen eta bigarren mailako herritarren arteko bereizketa alegia, oraindik ere indarrean dagoela gizarte patriarkal eta heterosexista honetan. Heteroarauaz kanpo kokatzen diren eta kokatzen garen guztiak estigmatizatuta gaude, eta guk errealitate horri aurre egin behar diogu, pertsona guztien askatasunean oinarrituko den Euskal Herria gauzatzeko.
Baina egun horrek gure lorpenak ere ekartzen dizkigu gogora, eta argitu beharrean gaude orain arte lortu dugun guztia LGTBQ kolektiboaren borrokaren emaitza izan dela, baita gure sexualitatea, ezarritako arauaz kanpo, askatasunez bizitzea erabaki dugun guztion borrokaren emaitza ere. Eta benetako askatasuna lortzen jarraitzeko ez dugu ahaztu behar pertsona guztien berdintasunaren oinarriaren gainean eraiki behar dugula, gizartea ez delako askea izango baldin eta berdintasunaren eta feminitatearen balioetan oinarritzen ez bada, pertsona guztien sexu-askatasuna ardatz nagusietako bat bihurtuta.
Gure poza adierazi nahi dugu 28an onartuko den Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Lege proiektua dela eta, arauak pertsona horien eskubideak babestuko baititu osasun, hezkuntza eta lan arloetan. Horregatik Durangoko Bozeramaileen Batzordeak honako erakunde-deklarazio hau onartzen du:
1. Lesbiana, gay, transexual eta transegeneroen eskubide eta askatasun publikoen defentsa aldarrikatzea eta politikoki laguntzea, diskriminazioaren aurkako politika aktiboak bultzatuz sexu-orientazio eta sexu-identifikazio guztiak normalizatzeko, eta zeregin hori irekitasunez garatuz, indarreko aurreiritzi eta estereotipoak gainditzeko.
2. Informazio- eta sentsibilizazio-kanpainen bitartez, herritarren artean kontzientzia solidario berri bat sor dadin sustatzea, lesbiana, gay, transexual eta transgeneroekiko aurreiritzi eta errezeloak ezabatzea eta jarrera-aldaketa ahalbidetuko duena, kolektibo horiek, egunetik egunera, berdintasunezko, askatasunezko eta errespetuzko baldintzetan jarduteko aukera izan dezaten, gainerako herritarrek bezala.
3. Udaleko ikastetxe eta hezitzaileen eskura beharrezko prestakuntza-programak, tresnak eta baliabideak jartzea, kolektibo horietako kideen bazterkeria saihesteko, eta, ildo horretan, ikasle guztiek beren nortasuna, afektibitatea, sexualitatea eta harremanak bete-betean garatzeko aukera izan dezaten bermatzeko.
4. Eskumeneko agintariei transgenero, transexual, lesbiana eta gayen eskubide eta askatasunen defentsan jardun beharra dagoela jakinaraztea, sexua berresleitzeko prozesuak osasun-sistema publikoan txertatuz, laneko diskriminazioaren aurka borrokatuz eta kolektibo horien gainerako errebindikazioak aintzat hartuz. Transexualak eta transgeneroak osasun-sistema publikoan txertatzea ere bermatu beharko litzateke, patologian oinarritutako ikuspegia alde batera utzita.
5. Transexualitatearen despatologizazioaren aldeko erakunde-deklarazio bat onartu nahi du, genero-disforia DSM eta CIE psikiatria-eskuliburuetatik desager dadila exijitzeko, eta deklarazio hori Transexualitatearen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Sarera eramateko konpromisoa ere hartu nahi du.
6. Durangoko Udalak EHGAM Elkarteak gay, lesbiana, transexual, bisexual eta queer taldeen nazioarteko egunaren inguruan egingo dituen ekitaldi guztien alde agertzen da. Halaber durangar guztiak ekintza horietan parte hartzera gonbidatzen ditu.