Durangoko Txoko Feministak ekimena prestatu du gaurko. Kaxak ipini ditu kalean, "Zer da zuretzako plazera?" galderari erantzuteko.
Hartueman eta praktika sexualen forma itxiak difuminatu eta eredu malguak sortzen jarraitu gura dute Txoko Feministatik. Asmo hori ariketa baten bidez egitea proposatu dute gaurkoan. Kaxak ipini dituzte kalean, eta bertan galdera honi erantzunak sartu behar dira: "Zer da zuretzako plazera?". Arratsaldean batuko dituzte erantzunak, eta Plazerrak11aurpegi.blogspot.com.es webgunean eskegiko dituzte. "Denon artean mapa anitz, gozo eta zabala sortuko dugu", diote. Egunari Intxaurre elkartean emango diote amaiera, 19:00etatik aurrera.
"Gure aurreko feministek esaten zuten bezala, Pertsonala politikoa da diogu guk ere". Feministek diote askotan gaitza gertatzen dela sexualitatea eta sistema kapitalistaren arteko loturak ikustaraztea, "baina dena korapilaturik dago gurean". "Gure hartuemanak eraiki eta elikatzeko estiloek, moduek zein bitartekoek sistema eraldatzeko gaitasuna daukate. Guk sistema eraldatzeko gaitasuna daukagu".
Diotenez, aniztasuna ez da moda bat, eta eredu anitzak ez dira berriak. "Gure praktikekin heteronorma apurtu eta plazeraren abaniko zabala marrazten jarraitzen dugu". Gaia kalera aterako dute gaur, bere izaera politikoa azpimarratzeko helburuz.