Hamasei etxebizitza udalaren esku geratuko dira, gazteei alokatzeko.
EAJk eta PSE-EEk Faustegoienan babes ofizialeko 119 etxebizitza eraikitzeko akordioa adostu dute. Horietatik 103 jabedunak izango dira. Gainerako hamaseiak udalarenak, gazteei alokairuan emateko.
Kooperatiba batek jardungo du sustatzaile, nahiz eta udalak etxebizitzok jabetzapean eskuratu gura dutenen erregistroa egiteko eskubidea izango duen. Etxebizitza eskuratzeko izena ematen dutenen artean zozketa ere udalak berak egingo duela jakitera eman dute.
Zozketako baldintzak
Bat, bi eta hiru logelako etxebizitzen zozketan parte hartu ahal izateko hainbat baldintza zehaztu ditu udalak: adinez nagusia izatea edo emantzipatua egotea, promozio honetarako baino ez den eskari-egileen erregistroan izena ematea, lau urte jarraian egotea Durangon erroldatua edo zortzi urtez etenekin, 900 eta 39.000 euro arteko diru-sarrera ponderatua izatea eta etxebizitzarik ez izatea.
Aitziber Irigoras Durangoko alkateak adierazi duenez, herritar gazteenak izan dituzte kontuan, “helduen mundurako sarbidea errazteko eta emantzipazio prozesuan laguntzeko. Nolanahi ere, beste promozio batzuetan eskaintza beste kolektibo batzuetara zabaldu daiteke”.
Pilar Rios alderdi sozialistaren bozaramaleak azaldu duenez, “EAJrekin adostutako akordioaren muinean udaleko arduradunek jendearen arazoei irtenbidea aurkitzeko daukaten konbentzimendua dago”.