Orain arteko obariak mantendu dituzte; erroldatu bakoek %30 gehiago ordaindu beharko dute.
Durango Kirolak erakunde autonomoak prezio berriak ipini ditu kirol zerbitzuetan. Tasen gehiengoa %2 igotzea proposatu du, eta udalbatzak onartu du EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. Bildu eta Aralar kontra agertu dira. Aldaketekin, obariak bere horretan mantendu dituzte. Erroldatu bakoek, ostera, ez dute horretarako eskubiderik edukiko. Gainera, %30 gehiago ordainduko dute.
Aralarreko Dani Maeztuk esan du hainbat gai daudela eztabaidatzeko oraindik, eta horiek landu arte ez du egoki ikusten prezioak aldatzea. “Igerileku berriek edukitako kostua eta ondorengo lanetarako inbertituko diren 400.000 euroak ezin dira ahaztu”. Bilduko Eider Uribek ardurak zehaztea eskatu du: “Erantzukizunak argitu arte ez litzateke aldaketarik egon beharko”. Uribek ez du ondo ikusten erabiltzaileei prezioak igotzea azpiegitura hori mantentzeko.