"Umeek hezkuntza ez sexista jasotzea funtsezkoa da"

Anboto 2012ko eka. 28a, 08:53

Gaztehgam elkartekoa da Markel Ganboa; asteon hainbat ekitaldi eratu dituzte, ekainaren 28a, gaur da-eta gayen, bisexualen, transexualen eta queer-en Askapen Eguna /Gaur, kalejira /Durangoko Udalaren adierazpena

Gaztehgam elkartekoa da Markel Ganboa; asteon hainbat ekitaldi eratu dituzte, ekainaren 28a, gaur da-eta gayen, bisexualen, transexualen eta queer-en Askapen Eguna.

 

 

Zer helburugaz eratu dituzue aste honetako ekitaldiak?

Durangon lehenengo aldiz halako aste bat ospatzea gura genuen.  Honi hasiera ematea garrantzitsua zela uste genuen. Ekainaren 28aren zergatia eta mugimenduaren historia Durangon zabaltzea zen helburua.

 

Gaztehgam sortu duzue Durangaldean. Kontatu hasiera zelan izan den.

Apur bat kasualitatez izan zen. Martxoan, Durangon ospatu zen Gazte Burdela ekimena antolatzen geundela ikusi genuen elkartearen premia. Badaude gazte elkarteak gai hau lantzen dutenak, baina gu horretara dedikatzen gara funtsean. Gayak, lesbianak, bisexualak eta transexualak diren gazteei elkartzeko txoko edo asanblada bat ematea gura genuen.

 

Azken urteotan egoera aldatu da. Baina erasoak ez dira amaitu...

Oraindik homofobia gizartean bertan dago. Txarrena da jende asko ez dela horretaz konturatzen. Oraindik jende asko dago mehatxatuta edo irainduta bere kondizio sexualagatik. Batzuek, beldurragatik ez dute kondizio hori onartzeko pausua ematen. Ezinezkoa eta onartezina da.

 

Zein izan daiteke egoerari buelta emateko giltza?

Oztopoak gainditzeko, matxismoa eta homofobia errotik moztu behar dira. Ezkerreko mugimenduen batura ere beharrezkoa da. Eskumatik jasotzen ditugun mehatxu edo erasoei tinko eutsi behar diegu. Askotan gertatzen da ezkerreko mugimenduetan ere heterofaxismoa dagoela, eta ez gara konturatzen. Hori ere gainditu behar da.

 

Eta hezkuntzak zelako funtzioa izan dezake?

Funtsezkoa. Hurrengo belaunaldiei hau ez gertatzeko, funtsezkoa da umeek hezkuntza ez sexista jasotzea. Gaur eguneko hezkuntzak ez du hori bere baitan hartzen. Hartzekotan, oso berandu: DBHko azkeneko mailetan. Umea txikitatik hezi behar da balore horiekin.

 

Harro agertzeko eguna al da ekainaren 28a?

Ez da harrotasun kontua. Ni, naizen modukoa izateagatik nago harro. Nire bertute eta akats guztiekin. Heterosexualitatearen harrotasun eguna ere ez da ospatzen. Jendeak harrotasun egunagaz nahasten du ekainaren 28a. Baina ez da horrela. Stonewalleko (New York, AEB) matxinadaren urteurrena da. Gauza da, pertsona horien guztien oihua eta erreibindikazioak atera behar ditugula kalera. Hori da funtsezkoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!