Antenen arautegia onartu dute, denak ados egon ez arren

Anboto 2012ko eka. 29a, 08:51

Telefonia-antenek pertsonengan ustez eragin ditzaketen kalteen inguruan sortu da eztabaida. Espainiako Gobernuak 2001ean egindako legea hartu dute oinarri EAJk, PSE-EEk eta PPk babestu duten ordenantzarako. Antenen inguruko ordenantza hau aintzindaria da Durangaldean

Telefonia-antenek pertsonengan ustez eragin ditzaketen kalteen inguruan sortu da eztabaida. Espainiako Gobernuak 2001ean egindako legea hartu dute oinarri EAJk, PSE-EEk eta PPk babestu duten ordenantzarako. Antenen inguruko ordenantza hau aintzindaria da Durangaldean.

 

Durangoko Udalak telefonia-antenen inguruko ordenantza onartu du. EAJk, PSE-EEk eta PPk babestu dute ordenantza. Hemendik aurrera, herrian antenak ipini gura dituzten enpresek udalaren baimen eta lizentziak beharko dituzte. Espainiako Gobernuak 2001ean egindako legea hartu dute oinarri ordenantzarako. Ingurumena eta segurtasuna aintzat hartzen dituen arren, batez ere hirigintza-ikuspegitik zehaztu dute arautegia. Eztabaida antenek pertsonengan ustez eragin ditzaketen kalteen inguruan sortu da.

 

EAJko Goiztidi Diazek dioenez, antenen gaiagaz ez da alarma sozialik sortu behar. Osasuneko Mundu Erakundearen azterketa bat aipatu du, esateko ez dagoela zientifikoki frogatuta antenak kaltegarriak eta minbizi-eragileak direnik. Azterketa horren arabera, frogatuta dagoen eragin bakarra gorputzeko ehunen tenperatura igo daitekeela da.

 

Aralarreko Dani Maezturen ustez, antenek emititzen dituzten uhinak kaltegarriak direla gauza jakina da: “Zenbaterainoko kaltegarriak diren esateko adostasun zientifikoa falta da bakarrik”.   Bere arabera, ordenantzan funtsezkoa ez da egin: pertsonak jaso ahal dituen balore elektromagnetikoak neurtzea. Gogoratu du tabakoa eta amiantoa ere ez zirela lehenago kaltegarritzat hartzen.

 

Kontua da, udalek ez daukatela eskumenik balore horiek neurtu eta murrizteko. Bilduko Jon Bingen Landabidearen iritziz, ordenantza, funtzionatzen dabiltzan antenak onartzeko egin dela dirudi. “Zertarako egingo dugu ordenantza hau ez badaukagu eskumenik?”. 

 

 


Uhinen balorea nabarmen jaistea eskatu du Aralarrek

 

Europako Parlamentuak 2011n onartutako idatzi batek telefono-antenen  arriskuez berba egiten du: “Telefonia mugikorren uhinek, gizakiengan termikoak ez diren eragin biologikoak sortzen dituztela ematen du”. Gainera, arriskua zehazki determinatu eizn denean ardura-printzipioa erabili behar dela dio. Jendea  (batez ere umeak eta gazteak) arrisku posiblearen eraginpean jartzean, printzipio hori erabiltzea eskatzen du. Aralarrek uste du printzipio hori ez dela erabili Durangon, eta uhinen balore elektromagnetikoak jaistea eskatu du.

 

Zentimetro karratuko  900 mikrowattean dago ipinita muga. Maezturen alderdiak dio balorea 0,1era jaitsita telefono-estaldura bermatzen dela. Salzburgon (Austria) neurri horregaz funtzionatzen ei dute. Europan landutako beste txosten bat eskutan, 2011ko legea zaharkituta geratu dela eta aldatzeko beharra dagoela esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!