+Dendak elkarteak smartphone ereduko telefonoetarako aplikazioa aurkeztu du.
Merkatarien eta erosleen arteko kanal berri bat sortu du +Dendak elkarteak. Smartphone ereduko telefono mugikorretarako aplikazioa da. Merkatariek euren saltoki eta produktuak erakusteko leihoa izango da. Durangarrek zein kanpotik datozenek, komertzioen gaineko informazio eguneratua edukiko dute eskura. Esaterako, denda edo taberna baten ordutegia ikusi ahal izango dute kontsumitzaileek. Komertzioaren eskaintzak, telefonoa eta helbidea ere agertuko dira aplikazioan. Horrez gainera, oferta berezien atala ere badauka.
Arrasateko Skura Mobile enpresak sortu du aplikazioa. Diote erabiltzeko arina eta erraza dela. Erosleari erraztasuna eman asmoz, bilatzailea eta Durangoko mapa bat txertatu dizkiote. Norbera non dagoen esango dio erabiltzaileari, eta adibidez okindegira joan gura badu, hurbilen daukana zein den esango dio. +Dendak elkarteak zein bere baitako komertzioek eratzen dituzten ekitaldiak batuko ditu agenda atalean.
Momentuz Android eta Blackberry sistemako telefonoekin erabili daiteke. Doan deskargatu ahal da sistemen denda birtualetan. Laster Iphonetan ere erabili ahalko ddela adierazi dute.