Espainiako 21 enpresa egongo dira Durangon eta 500 motorzaletik gora batzea espero dute.
Euskal Harley topaketaren laugarren edizioa egingo dute Durangon hurrengo asteburuan, ekainaren 29tik uztailaren 1era. Harley Davidson Euskal Herria talde antolatzaileko Iñigo Carretok azaldu duenez, Espainiako 21 motor-enpresa egongo dira Durangon. “Espainiako onenak etorriko dira, eta Frantziako batzuk ere bai”. Kontzesionario ofizialak egongo dira tartean. Harley Davidson markako motorren zaleak Euskal Herri osotik etorriko dira.
500 motorzaletik gora batzea itxaroten dute. Ibilbide bi egingo dituzte batera. Bata Galdameseko auto zaharren museora, eta bestea Durangaldetik zehar. “Euskal Harleyren helburuetako bat Euskal Herria promozionatzea ere bada”. Bazkariak, dastaketak eta kontzertuak ere izango dira Landako Gunean. Joaquin Sabinaren bertsioekin, Una noche sin Sabina ikuskizuna eskainiko dute zapatu gauean.