Taldean batu eta oinez egin dute eskolarako bidea

Anboto 2012ko eka. 22a, 13:03

Aste honetan garatu dute esperientzia pilotua Zabalarran, mugikortasunaz hausnartzeko

Aste honetan garatu dute esperientzia pilotua Zabalarran, mugikortasunaz hausnartzeko.

 

Zabalarra ikastetxeko hainbat ikaslek taldean egin dute eskolarako bidea asteon. Esperientzia pilotua izan da, eta Oinezbusa deitu diote. Ingurumenagaz errespetuzkoa eta segurua den mugikortasunaz  hausnartzea izan da helburu nagusia. Fray Juan de Zumarraga, Aramotz, Ezkurdi eta Pinondo kaleetatik eta udaletxetik irten dute. Guraso eta teknikari batzuen laguntzagaz egin dute bidea egunero.

 

Eguazten goizean Fray Juan de Zumarragatik irten zen egitasmoan parte hartzen duen taldeetako bat. 08:45ean Alluitz kaletik gora abiatu ziren hamabost ikasle. Euren aurretik zihoan Marijo Romo gurasoa. Umeek, ederto batean joateko aukera daukatela esan zuen. “Denboraz ondo goaz, gainera”.

 

Lehenengo zebra-bidera heltzean, Romok moztu zuen trafikoa taldea pasatzeko. Handik gora egin, eta Askatasun etorbidean Aramotzeko taldeagaz bat egin zuten. Bertan zetorren, buruan, Gaizka Agirre. Ekimenak eduki duen harreragaz harrituta agertu zen: “Astelehenean euria egin zuen eta ez zen hain ondo atera, baina, martitzenean eta eguaztenean ikasle askok hartu dute parte”. Berari tokatu zitzaion hurrengo zebra-bidean errepidea libre uztea.  

 

Umeak lasaiago zetozen azken partean. Agirreren berbetan, ekimenaren asmoen artean dago umeen autonomia garatzen laguntzea.

 

Herritarrak sentsibilizatzea

Ume eta gurasoez gainera, herritarrak sentsibilizatzea ere gura dute, Agirrek adierazi zuenez. “Konturatu daitezela oinez ibiltzea ere garriobidea dela”. Auto gidari eta oinezko batzuen arreta bereganatu zuten behintzat. Goizeko 09:00ak jo aurretik heldu ziren ikastetxera.

 


Umeen %81,5ek oinez egiten du eskolarako bidea

 

Zabalarra ikastetxeko guraso elkarteak bultzatuta egin dute Oinezbusa ekimena. Iaz Landako ikastetxean ere egin zuten, eta horixe izan dute eredu. Udalak kontratatutako teknikarien laguntzagaz hilabete biko lana egin dute egitasmoa zehazteko.\"\"

Umeen artean inkesta bat egin zuten lehenengo. %85,1ek oinez egiten dute eskolarako bidea, %10,5ek kotxez eta %3,6k bizikletaz. Gainera, ibilbideetako gune arriskutsuak zehaztu eta mapa bat egin zuten. Adibidez, zebra-bideetan ikuspena galarazten duten edukiontziak identifikatu zituzten. Horren ostean, ibilbidea egiteko, gune horiek seinalizatu zituzten.

Gaur daukate ikasturte amaierako jaia Zabalarran. Egitasmoagaz lotuta, bizikleta geldoen lasterketa egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!