EHGHAMek eta Andraguneak Homofobiaren aurpegiak erakusketaz gainera, bi berbaldi antolatu dituzte datozen egunotarako.
Gaur aurkeztuko dute Homofobiaren aurpegiak erakusketa, 19:00etan, Andragunean. Ekainaren 29ra bitartean egongo da zabalik, 09:30etik 13:00era eta 17:00etatik 21:00era. Bihar, ekainaren 26an, Homosexualitatea egunerokotasunean hitzaldia eskainiko du Markel Gamboak. Pinondo Etxean egin dute hitzordua, 19:00etan.
Stonewallen Matxinada izenburupean emango du hitzaldia, eguaztenean, ekainaren 27an, Ekaitz Herrerok. Pinondo Etxean izango da hori ere, 19:00etan.
Ekainaren 28rako, berriz, Sexu Askapenaren Egunerako, kalejira, txalaparta, manifestu irakurketa, batukada eta elkarretaratzea prestatu dituzte. Ekitaldia Santa Anatik abiatuko dute, 19:00etan, antolatzaileek azaldu dutenez.