Euskal herriko hizkerak eta ahozko ondarea batzen dabiltza ahotsak.com egitasmoan. Eibarko Badihardugu elkartea da egitasmoaren arduraduna, eta bertan dabil lanean Nerea Goiria. Besteak beste, Mañarian eta Durangon jardun du gerra aurretik jaio zirenak elkarrizketatzen. Durangoko Ahotsak aurkeztu eta gero erantzun ditu galderak.
Zer gai lantzen dituzue elkarrizketetan?
Galdetegi bat daukagu, imajina ditzakezun gai guztiekin. Gai batzuk hiztun denekin jorratu daitezke: eskola kontuak, gerra aurreko sasoia, gerra bera eta gerra ostea, erromeria kontuak, jaiak... Gero hiztun bakoitzak bere ezaugarriak dauzka. Adibidez, Durangon, erraketista profesionala izan zen andra batekin egon nintzen. Bartzelonara joan zen eta sasoi hartan emakume kirolari profesional gutxi zegoen... Errotan bizi zirenei errotako kontuak, artzainei artzaintzako gaiak... Bi-hiru ordu trankil egon gaitezke baserritarrekin berbetan. Askotan desagertuta dauden lanbideak eta bizimoduak agertzen dira.
Zelan egin duzue kontaktua elkarrizketatuekin?
Durangon adierazgarria da, euskarari dagokionez, belaunaldien arteko transmisioan galera handia egon dela. Ez da erraza izan durangar euskaldunak topatzea; baserrian-eta mantendu da, baina kalean ez da mantendu horrenbeste. Bertoko euskaldunak topatzeko Alberto Erraztigaz kontaktuan jartzeko esan ziguten, berak ezagutzen dituela Durangoko euskaldun denak. Egia esan, pare bat izan ezik, beste hiztun denak Albertori esker lotu ditugu, eta azkenean 39 hiztunekin egin ditugu elkarrizketak. Haren laguntza ez bazen izango uste dut oraindik Durangon hiztun bila ibiliko nintzela.
Transmisio galera hori zertan igarri duzu?
Askok esan digu “nire edadeko jendeak ez daki euskaraz”, eta hori laurogeita piku urteko pertsona batek esaten dizu; gurasoek bazekitela, baina eskola-lagunek ezetz. Hiztunen etxeetan ere ikusi dut euren seme-alabek ez zekitela euskaraz. Gurasoek oso berba eta esaera aberatsak eduki, eta askotan etxekoek galdu egin dute hori.
Galera horren gainean zer esaten dute elkarrizketatuek eurek?
Eurek badakite, eta jartzen duten arrazoia izaten da “guk txarto pasatu genuen, errepresioa eduki genuen euskararen kontra, eta seme-alabek txarto pasatu ez zezaten...”. Eurek mantendu dutena etxean mantendu dute, kalean-eta bizimodu sozial guztia gazteleraz egiten zuten.
Euren hizkerako gauza asko galdu egingo dira...
Bai, eta ez bakarrik baserriko tresnen izenak, jada ez direlako erabiltzen; orain txori guztiak dira txoriak, eta arbola denak dira arbolak. Jendeak ez ditu motak desberdintzen. Eta ez baserriko espresioak bakarrik, kalekoak ere bai: katuaren txiza, beti izan da gernua. Belaunaldi berriok ez ditugu horrek gauzak jaso, etxean eta eskolan ere ez da hiztegia jorratu... Liburuetan putrea putrea da, eta ez saia, eta jendeak urtxintxa esaten du, eta ez mixerra edo katamixerra.
Istorio interesgarri asko entzungo zenituen...
Ez nuke jakingo istorio zehatz bat esaten. Hiztun bakoitza altxor bat da azken finean. Gerrako kontuak adibidez, horrenbestetan entzun arren bakoitzak modu desberdin batean bizi zuenez, beti izaten dira hunkigarriak. Anekdota modura, gogoratzen dut Durangoko gizon batek kontatu zidala bere osaba apaiza Kubara joan zela erbestean, eta bertan Fidel Castro ezkondu zuela! Elizaz! Nik ez nuen imajinatuko Fidel Castro elizaz ezkonduko zenik eta abadea durangarra izango zenik!
Memoria oneko jendea da, ezta?
Batzuetan ikaragarria da zelako memoria daukaten. Datak oso ondo gogoratzen dituzte, euren lehenengo jornala zein izan zen ere bai, eta nik orain momentuan ez dakit nire lehenengo soldata zenbatekoa izan zen! Gauza zehatzak gogoratzen dituzte, agian markatu egin dituzten gauzak izan direlako.
Durangaldeko beste herri batzuetan ere aritu zarete ahozko ondarea biltzen.
Mañarin iaz ibili nintzen elkarrizketak egiten, eta arinago egindako grabazioak ere batu ditugu. Elorrion ere hitzarmena daukagu udalagaz, eta elkarrizketez gainera, hizkeraren azterketa linguistikoa egiten gabiltza. Mallabin eta Ermuan hasiera-hasieran egin genituen hitzarmenak. Mallabin, gainera, Pello Mugarzak bertoko euskara aztertzeko egindako grabazio mordoa eman zizkigun. Badaude Oromiñoko eta Abadiñoko grabazio batzuk 1985ekoak, bizkaiera lantzeko bere garaian egindakoak. Alberto Erraztik ere Iurretako hainbat grabazio eman dizkigu, 1991 urtekoak. Grabazio zahar horiek altxor handiak dira. Aurrera begira proiektua hezkuntza arloan baliagarria izan daiteke; ahozko hizkerak eta herriko istorioak eskoletako kurrikulumean sartzeko lanean hasi gara herri batzuetan.