Merkatarien elkarteak bat eginda, zer gura duten argi dute: “Kolektibo indartsuago eta batuagoa”.
Durango eta inguruko herrietako bi merkatari elkarteak batu dituzte asteon, Dendak Bai izenpean. +Dendak eta Durango Bai elkarteetako kideek adierazi dutenez, hainbat hilabetez egindako negoziazioaren ostean sinatu dute bat egitea.
Elkarte berriaren sorreran aipatu dutenez, Durangoko Merkataritzaren Biziberritze Planean batutako beharrizanei erantzuten die bi elkarteen bat egiteak.
Guillermo Oarbeaskoa +Dendak elkarteko presidentearen berbetan, “garrantzitsuena iragana ahaztu eta elkarrekin lan egitea da, irabazle eta galtzaile barik”. Alberto Albaina Durango Bai ordezkariak argitu du helburua: “Kolektibo indartsuago eta batuagoa lortu gura dugu; Durangalde osoko zerbitzu sektoreari on egingo diogula uste dugu”.
Kide gehiago lortu guran
Hitzarmenagaz, besteak beste, bazkideen kuotak merketuko dituzte, bazkide gehiago lortu ahal izateko. +Dendak elkartearen egitura mantenduko dute marka berridun elkartearentzat.