Bateginez GKEk finantziazioa lortzeko ekimena egingo du zapatuan. Herritarrei eskatu diete pastelak eroateko Ezkurdira, eta horien zatiak euro baten truke banatuko dituzte.
Krisia ongintzara ere ailegatu da. Bateginez Gobernuz Kanpoko Erakundeak adierazi du egoera gaitza bizi duela. Mari Carmen Hernández eta Aitziber Antxiak eman dute horren berri.
Krisiagatik, azken bi urteotan bazkide batzuen baja izan dute: %6arena, hain zuzen ere. Bizi dugun sasoia izan du berbagai Antxiak: "Ematen du jendeak beldurra diola dirua emateari". Barne finantziazioa jaitsita, diru-laguntzekin zer gertatuko kezkatuta daudela dio Hernándezek: "Beldur gara etorkizunean zer gertatuko den, beste lekuetako murrizketak ikusita". Ildo beretik, Antxiak esan du arazoak izango dituztela udalen laguntza edukita ere, baina laguntza hori jaso ezean arazoak handiagoak izango direla. Iaz, elkartearen diru-sarreren %80,31 laguntzaileen eta fondo propioen bidez jaso zuten, eta gainerakoa izan zen diru-laguntza. Durangoko Udalagaz hitzarmena daukate, eta Iurretakoak ere laguntza emango die hezkuntza egitasmo baterako. Bateginezen proiektuek momentuz aurrera darraite, baina irailean arazo ekonomikoak edukiko dituztela kalkulatu dute. "Elkartearen kontu ekonomikoek kezka sortzen digute". Izan ere, urteotan soberakin bat eduki du elkarteak, eta hortik tiraka ibili dira. Baina, laster amaituko dela uste dute.
Horregatik, bazkide kuotak igo behar izan dituzte. Gainera, dirua lortzeko bide berrietan pentsatzen dabiltza. Zapatu honetan, 17:00etatik aurrera, Ezkurdin -euria bada, Andra Marin- egingo dute ongintzako ekitaldia. Durangarrei eurek egindako pastelak eroatea eskatu diete, gero zatiak euro batean saltzeko. Momentuz 30 lagun apuntatu dira, eta gura duenak bateginez@bateginez.org helbidean eman dezake izena. Elkartearen gaineko informazioa ere eskainiko dute zapatuan.
Bateginezek Guatemalako Pochuta herrian egiten du kooperazio-lana. Hezkuntzan eta osasun arloetan laguntzea dute helburu 1993tik. Dirua ematean, laguntzaileek erabileragaz lotutako segurtasuna gura izaten ei dute: "Dirua heltzen da eta apobetxatzen da", dio Antxiak.