Jabetza zergengatik Elizak ordaindu beharko lukeena baloratuko dute

Anboto 2012ko eka. 17a, 08:04

Erlijio erakundeei tratamendu fiskal bera aplikatzeko eskatu du udalak

Erlijio erakundeei tratamendu fiskal bera aplikatzeko eskatu du udalak.

 

Espainiako Gobernuak Eliza katolikoagaz egindako hitzarmenen ondorioz, Elizak ez du ordaintzen Ondasun Higiezinen gaineko Zerga. Erlijio erakundeei gainontzeko instituzioei lako tratamendu fiskala ezartzea eskatu dio udalak Gobernuari.  Gainera, “Europako Batzordearen kritikei kasu egin eta akordio horiek errebisatzea” gura dute. Erlijio erakundeek ordaindu beharko luketena baloratzeko, jabetzen zerrenda egingo duela adierazi du udalak.

 

PSE-EEren ekimenez landu dute gaia, eta PPk ez beste guztiek onartu dute. PPko Juan Jose Gastañazatorreren ustez, Elizak egiten duen gizarte lanari eskerrak diru asko aurrezten da. Aralarreko Dani Maeztuk erantzun dio Caritasek ez daukala irabazi asmorik, baina Elizak orokorrean baietz. PSE-EEko Pilar Riosek gaineratu du, adibide legez, udal euskaltegia Elizaren eraikin batean egon dela hogei urtean, eta horregatik 350.000 eurotik gora jaso dituela.

 

Udal finantziazioaz

Udalak egoera ekonomiko gaitzean daudela-eta, finantziazio bide gehiagorako aukera ematea eskatu diote Aldundiari. Bildu eta Aralarren iniziatibaz eta PSE-EEk babestuta onartu da mozioa.  Ohikoak ez diren eta alokatuak edo lagatakoak ez diren etxebizitzen zergei lotuta, neurri bat proposatu dute: jabeei %100 eta %150 arteko errekargua ezartzeko aukera edukitzea Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. Udalkutxaren irizpideak  adosteko mahaia sortzea ere eskatu dute. EAJk eta PPk kontra bozkatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!