Bederetzi hilabete dauzka Urtzi Jurado Basterretxeak. Bihotzeko gaitz bat eta hainbat organori eragiten dion gaitz genetiko bat ditu. Ospitalera joan-etorriak egiteko lanordua murriztu eta Mutuari laguntzak eskatzeko bidea hartu du bere aitak. Burokraziagaz luze borrokatu eta gero, ezetza jaso du: LABek konzentrazioa deitu du, bihar, 12:30ean Mutualiaren aurrean (Iurreta).
Noiz hasi zineten laguntza jasotzeko beharrekin?
Mila Basterretxea: Guk bagenekien Urtzi bihotzeko arazoagaz zetorrela, haurdunaldian esan ziguten, baina jaio eta gero beste arazo batzuk ere etorri zaizkio; gibelari eragiten dion gaitz genetiko bat dauka, zain txikiak dauzka...
Jose Jurado: Kardiologoak esan zigun Gizarte Segurantzan bazeudela laguntzak. Bertan ea biok lanean genbiltzan galdetu ziguten, eta ez. Ba orduan ez geneukala zereginik. Milak elbarritasuna daukanez [arantza zatibitua dauka, bizkarrezurreko gaitz bat] zeozer egin ahal zela esan ziguten, eta nire enpresaren mutualitatera joan behar ginela paperak egitera.
Eta lan burokratikoa hasi zen...
J.J.: Dena zen ‘Bai, bai..., paper hori aurkezten baduzu baietza izango duzu’. Laguntza jasotzeko derrigorrezkoa da ni lanaldi murriztuan egotea, gutxienez %50ean. Apirilaren amaieran hartu nuen murrizketa. Paperen bila hasi, Berrizko Udalari laguntzak eskatu, Bilbora joan, Gurutzetatik atera ezin ziren paperak ere atera dizkigute...
Atera ezin zirenak?
J.J.: Urtziren mediku historia behar nuela esan zidaten, eta kontsultetako informeak bai, baina mediku historia ezin da ospitaletik atera; ba lortu dugu. Aldundian Milaren eta umearen elbarritasunaren balorazioa eskatu genuen, eta mutualitatean eskura eman genizkien. Paper guztiak aurkeztuta Gorenera joatea falta zen bakarrik. Handik bi egunera paper gehiago behar genuela esan ziguten. Gurutzetan esan ziguten hori ez zela mediku kontua, burokrazia baizik; sindikatu batera edo aholkulari juridiko batengana joateko aholkatu digute.
M.B.: Elbarritasunaren balorazioa egin zidan medikua haserre zegoen, “ez dakite zer den arantza zatibitua? Ba orduan ez dira medikuak”. Degenaratiboa da, eta urte batzuk barru ibiltzeko zailtasunak izango ditut. Medikuak txostena egin zidan esanez bizkarreko minekin ibiltzen naizela, ezin dudala pisurik hartu, hanketako sentsibilitatea galtzen nabilela... Hirugarren pertsona bat behar nuela umeak zaintzeko, eta hor ezetza. Ezgaitasun totala ez badut, Mutuak ez du laguntza ematen.
Ezgaitasunarena izan da orduan ezetzaren arrazoietako bat.
J.J.: Mutuakoak esan zidan frogatu behar genuela Mila ez zela gai semeak zaintzeko, eta hori ezgaitasun totala izango litzateke. Ezgaitasuna ematen diozun momentuan umea kentzeko arriskua daukagu, karneta kentzekoa, aldiro-aldiro tribunal batetik pasatu beharko litzateke... Baldintza hori eduki beharko genuke, edo Mila lanean egotea, eta orduan baja bat hartzea... Hori hasieratik baldin bazekiten, hasieran esan behar ziguten.
Zer beste arrazoi eman dizkizute?
J.J.: Esaten zuten Urtzik bere adineko ume batek behar dituen zainketak behar dituela. Baina guk ezin dugu jakin noiz eman behar dion hipoxia batek, noiz egongo den itolarriagaz, edo gibelak noiz eztanda.
M.B.: Gibela transplantatu beharko diote bihotzeko arazoa konpondu eta gero. Giltzurrunetan kiste batzuk dauzka. Begira umea zelan dagoen, eta berataz arduratu beharrean paperak egiten gabiltza, zoratzen!
J.J.: Azken arrazoia nire laneko murrizketarena zen, ez nengoela legalki murrizketan. Enpresak ez zuen murrizketa aktibatu. Enpresa informatzeko Mutuak berak paper bat eman behar zigun bere garaian.
Zer bide hartuko duzue mutualitateagaz?
J.J.: Erreklamazio bat aurkeztu dugu LABen bitartez, eta begiratzen gabiltza noraino aldatu behar garen. Mutuakoari esana diot, izen-abizenak eta datuak emateko, Lakuara joan behar banaiz, joango naiz, eta Madrilera joan behar banaiz, ere bai. Lekuren baten entzungo didate.
M.B.: Orain hasi gara animatzen, Berrizko Udalak azkenean laguntza bat emango digula esan digulako.
J.J.: Buelta asko egin ditut udaletxera. Aurten astero joan naiz, eta laguntzetarako zer funts duten jakin nuenean, egunero hasi nintzen joaten. Hasieran paper asko eskatu zizkidaten. Azkenean etxeko gastuen mantenurako eta hipotekarako laguntza bat emango digute. Gero diputazioarengandik paper guztiak lortu ditugu, burokratikoki behar dugun guztirako han daudela esan digute, eta ondo. Milak elbarritasunaren pentsioa dauka. Horrekin eta nire nominagaz, korbata estutu behar.
Elkartasuna jaso duzue?
M.B.: Lagunek asko lagundu digute. Gurutzetan ere jendea ezagutu dugu, eta bertan lo egiteko etxea ere eskaini digute. Abantaila hori da: hainbeste aldiz egon ingresatuta, azkenean oso jende ona ezagutu dugu.
J.J.: Urtzi umoretsu ikusten dugu. Asko jaten du, eta hori oso ona da; esan digute umeak horrelako gaixotasunekin zundagaz egoten direla. Berak indarra daukan artean, guk aurrera egingo dugu.