XV. mendean Durango urbanistikoki zelakoa zen erakusten duen maketa aurkeztu dute museoan.
Erakusketa berri bat zabaldu dute Arte eta Historia Museoan. Sei mende atzera eginez, Durango XV. mendean hirigintzan zelakoa zen azaltzen duen maketa ipini dute bertan. Juan Azurmendi durangarrak eta Iñaki Cachorro bilbotarrak ondu dute maketa, Belen Bengoetxea arkeologoaren aholkupean. Lau urteko lanaren emaitza, 1/100 eskalan ikusi ahal da. Bengoetxeak dio hainbat galdera eduki dituztela erantzuteko: “Zer altuera zeukaten etxeek eta elizek? Zelakoak ziren leihoak edota arbolak?”
Etxeak egurrezkoak ziren nagusiki. Etxe ugariko kale bete eta estuak islatu dituzte maketan. Jendea ere bai kaleetan. “Jendeak bizitza kalean egiten zuen”. Plazak gaur egunekoak baino txikiagoak ziren; Andra Mari eta Santa Ana ziren topagune esanguratsuenak. Kalebarria orduan eraiki zuten, herriari zati handi bat gehituta. Biztanleria nabarmen hazi zela diote. Merkataritzarako gune geografiko garrantzitsua izan zen, eta sozialki sasoi distiratsua izan zela dio Bengoetxeak. Lariztar sendiko bat izan zen alkate, eta bere palazioa eraikitzeko lanak ikusten dira. Sei ateko harresiak babesten zuen hiribildua.