Guardia Zibila joatea eta kuartelaz jabetzea gura dute

Anboto 2012ko eka. 14a, 08:36

Ertzaintza polizia integrala izatea eskatu dute EAJk, Bilduk eta Aralarrek

Ertzaintza polizia integrala izatea eskatu dute EAJk, Bilduk eta Aralarrek.

 

Durangoko Udalaren ustez, EAEn Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren presentzia murrizten hasteko sasoia da honakoa. ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuen joan zen urrian. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari elkarrizketak abiaraztea eskatu diete, agente kopurua gutxitzen hasteko. Udalaren arabera, murrizketa prozesu hori Gernikako Estatutuaren 17. artikuluak dioena beteta amaitu behar da: Ertzaintza izatea EAEko poliza integrala.

 

EAJk, Bilduk eta Aralarrek onartutako mozioak kuartelak ere baditu berbagai: “Behin murrizketa gertatuta, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak erabilitako ondasun higiezinak ondasun publiko bihurtu daitezela”. Eraikin horien erabilera udalek zehaztea eskatu dute. Durangon Guardia Zibilak Montorretan daukan kuartelari eragiten dio mozioak. Bildu eta Aralarren iritziz,  ETAren indarkeria amaituta, dagoeneko ez dago Guardia Zibilaren presentziarako arrazoirik.

 

Urdaspal Bolinagak (Bildu) honakoa adierazi du: “Durangon ez dago euren konpetentziak betetzeko ezer”. Murrizketa legea betetzea da Bilduren eta EAJren iritziz. Gainera, murriztu bitartean “beharrezko ez diren kontrolak” bertan behera uzteko exijitu du udalak. Dani Maeztuk (Aralar) azken boladan kontrol kopuru handia egon dela kritikatu du, “Guardia Zibilaren ohiko jarreragaz”.  PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu dute. Juan Jose Gastañazatorrek (PP) dio mozioa onartuta “askatasuna eta giza eskubideak babestu dituztenekiko sentsibilitate falta” erakutsi dela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!