Durangoko Herria auzo elkarteak neska baten kontrako bortxaketa saiakera publikoki gaitzetsi du ohar bidez.
Herria auzo elkarteak adierazi duenez, domeka goizaldean jazo zen erasoa, 06:00ak bueltan, Zabalarra auzuneko Bruss enpresaren parean. Jakinarazi dutenez, neska durangarra etxerantz zihoan momentu horretan, eta erasoaren aurrean neskaren erresistentziak eta oihuek erasotzailea uxatu zuten, eta gizonak alde egin zuen lekutik. Borrokaren ondorioz, neskak kolpeak hartu zituen, eta urduritasun krisi sakonean murgildu zela dio auzo elkartekoen oharrak. Neskak ertzain-etxean salatu zuen bere kontrako erasoa.
Datu eske
Inork domekako erasoaren daturik eman badezake, Ertzaintzari abisu ematea eskatu du Herriak, ustezko erasotzailea atxilotu ahal izateko. Gainera, instituzioei ere eskaera egin die: “Hartu ditzatela beharrezko neurri guztiak, horrelako eraso larriak berriro ez gertatzeko”.