"Paperetik teknologia berrietarako trantsizioa, negozioan ez da eman"

Anboto 2012ko eka. 10a, 08:01

Durangaldeko ziztadaren bila etorri da eguaztenean Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria Plateruenera. Berria taldeak bizi duen egoera ekonomiko larriaren berri eman du

Durangaldeko ziztadaren bila etorri da eguaztenean Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria Plateruenera. Berria taldeak bizi duen egoera ekonomiko larriaren berri eman du.

 

Zeintzuk dira Berrialaguna kanpainaren izaera eta helburuak?

Aspaldiko urte hauetan krisi handia nabaritu dugu komunikabideen inguruan. Alde batetik, iraultza teknologikoa gertatu da informazioa ematerako orduan, pantailaren bidez, ordenagailuetan, ipad eta horrelakoetan. Beste alde batetik, krisi ekonomikoa etorri da. Publizitate gutxiago saltzen da orain. Pentsatu genuen garrantzitsua zela, guk hartu beharreko neurriak hartzeaz gainera, komunitate bat proiektu honen inguruan inplikatzea. Pentsatzen badute garrantzitsua dela euskal komunikabide sendo bat izatea, ea denon artean diruz eta berotasunez lagundu ahal dugun. 

 

Zein da jasotzen ari zareten erantzuna?

Oso harrera ona izaten ari gara. Herri askotatik deitzen ari dira. Aste batzuk badaramatzagu batetik bestera egoera azaltzen. Badago jendea jabetu dena egoeraren larriaz eta laguntzeko prest daude. 5.000 ziztadazale topatzea zen gure asmoa eta dagoeneko 3.000tik gora goaz. Planifikatu genuena baino hobeto doa. Hala ere, kosta egiten da geroz eta jende gehiago dagoelako krisiak ukitua.  360.000 euro ematera konprometitu dira. Ea milioi erdira heldu gaitezkeen.

 

Zein da zehazki Berria Taldearen egoera?

Akziodunen batzarrean gure kontuen berri eman dugu. Guk 2008. urtean langileen artean irabaziak banatu genituen. Orain dela gutxi publizitate jaitsiera handia izan dugu. Gure publizitatearen zati handi bat erakunde publikoak dira, udaletxeak, diputazioak eta Jaurlaritza, eta baita entitate finantzieroena ere. Arlo horietan murrizketa handiak egin dituzte eta gurean asko nabaritu da. 

 

Zein neurri hartuko duzue?

Lehenago hamalau lanpostu murriztu genituen, banaketa enpresarenak. Azken urteotan orrialde kopurua murrizten joan da. 56, 48, eta orain 40 orrialde ditugu. Baina, kaleratzerik ez da egon. Batzuk lana utzi dute beste nonbaitera joateko. Hamabi lanposturen murrizketa proposatu diogu orain langile taldeari.  

 

Komunikabideen etorkizuna Interneten dagoela diote batzuek.

Teknikak izugarrizko aurrerapena egin du. Munduko teknikoek asmatu dute lehen paperean ematen zen informazioa orain pantaila batean ematen eta aurrerapen teknologiko handiak eman dira. Garapen horrekin batera ez da negozioaren garapenik eman merkatu tipologian. Negozioa paperean gertatu da. Paperetik teknologia berrietara eman den trantsizioa negozioan ez da eman. Beraz, trantsizio garai batean gaude. Negozioa argitu artean lanean jarraitzea da gura duguna. Horrexegatik ahalegintxo hau eskatzen gabiltza, Berria taldea aurrera ateratzeko. Inspirazioak lanean harrapatu gaitzala.

 

Berria laguntzeko Durangaldetik zer egin daiteke ?

Beste herri batzuetan egiten dabiltzan bezala saiatu komunitatea sortzen. Saiatu euskaltzaleei gure egoeraren berri ematen. Euskal Herriak komunikabide sendoak behar dituela gizarteratzen lagundu. Eskerrak eman gurako nizkieke Anbotori eta baita Berbaro taldeari ere emandako babesarengatik, eta ea denon artean proiektua aurrera ateratzen dugun.

 

Puntako hedabidea izateko zein baldintza behar dira?

Kalitatea eta kalitatea behar da. Egipton zerbait gertatzen ari bada, Auzitegi Nazionalean epaiketa bat badago, kazetari bat hantxe dago uneoro Internetez informatzen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!