Tokiko Agenda 21eko prozesuan emaitzarik onenak izan dituzten udalerriei urrezko eta zilarrezko TAK21 sariak eman dizikie, aurten lehenengoz. 47 udalerrik parte hartu dute, Durangok Urrezko TAK21 saria lortu du Legazpigaz batera.
Durangoko alkate Aitziber Irigoras alkatea, Iker Oceja Garapen Iraunkorreko batzordeburu eta Aitor Larruzea Tokiko Agenda 21eko arduradun teknikoa izan ziren, atzo, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan izan zen ekitaldian. Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Antolakuntza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren eskutik jaso zuten saria. "Herritarrekin batera egindako lana eta izan duten inplikazioa" goraipatu zituen Irigorasek, eta "kanpotik (Udalasarea 21en eskutik) udaletxe barruan jasangarritasunaren alde egindako lana saritzeak, lanaren sakontasuna eta konpromisoa erakusten" dituela nabarmendu zuen.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien Tokiko Agenda 21en kalitatea baloratu dute sarion bitartez. Durangaldeko herrietatik, Durango izan da saria lortzeko hautagi bakarra. Tokiko agendak koordinatzen dituen Udalsarea 21ek sustatutako auditoritza sistema bategaz egin dute udalerrietako planen ebaluazioa. Urrezko eta zilarrezko sariez gainera, Udalsarea 21ek parte hartu duten 47 udalerriei (Udalsarea 21eko kide diren %25) diploma bat eman die. Zilarreko TAK21 saria eskuratu zuten Amurrio, Areatza, Donostia, Tolosa, Gasteiz eta Zarauzko udalek.
Udalsareako kide 2007tik
Durango Udalsarea 21eko kide da 2007tik. Durangok Udalsarearen baitan "ingurumena eta gure herritarren bizi kalitatea hobetzeko" lan egiten du, "gainontzeko kideekin ezagutza garatuz eta elkarrekin haziz". Jasotako sariak udalean tokiko agenda 21en balioa indartzeko egindako ahalegina erakusten du, azaldu dutenez.
TAK21 Euskadiko Tokiko Agenda 21en kalitate globala neurtzen eta aitortzen duen neurketa sistema da udalerrien errealitatera egokitua. 40 irizpide eta 100dik gora adierazlerekin Agenda 21en barneko prozesu guztiak neurtzen ditu. Gainera, kalite hoberena erakusten duten Tokiko Agendak saritzen ditu, beti ere, lortutako emaitzen arabera.
Udalsarea 21ek sortutako eta sustatutako auditoretza sistema da eta sareko kide diren Udalerrien Tokiko Agenda 21en prozesuen kudeaketa ereduaren parte da. Kalitate globala Tokiko Agenda 21en prozesu bakoitzaren bost ezaugarri hauen arabera neurtzen da: estrategikoa, zeharkakoa, parte-hartzailea, operatiboa eta jasangarria.
Aitor Larruzea Agenda 21eko teknikariak azken urteotan iraunkortasun arloan egindakoa baloratu du. TAK21 sarien hautagaitzan, herritarrek, udal teknikariek eta udal ordezkariek egindako lanari aitortza ikusten du.
Airearen kalitateak sortu zuen Durangon alarma gorria bere garaian. Orain hamar egunetik bederatzitan aire kalitatea ona dela adierazi duzue. Ordutik, zelako beharra egin da? Zorionez orain dugun aire kalitateak ez du zerikusirik 2004 eta 2005ean genuenarekin. Urte haietako datuek diagnostiko sakona egitera behartu gintuen, eta 2007an aire kalitatea hobetzeko plana onartu zen. Hainbat neurri jarri ziren martxan: enpresetan kutsadurari buruzko inspekzio plan berezia, mugikortasun arloan autoak Durangon ez ibiltzeko hainbat neurri –Zumalakarregiko igorpen baxuko gunea, bidegorri sarea, asfalto ekologikoa... –, etxebizitzetan ingurumen irizpideak ezartzea...
Zer esangura dauka Durangorentzat TAK21 sarietako finalista izateak? Durangoko Agenda 21 bizirik dagoela, eta gure parte-hartze sistema eta kudeaketagaz lortutako emaitzak baloratzen direla esan gura du. Ekintza plana lau urtetarako onartu zen , eta lau urteren buruan, ekintzen %90 bukatu da. Lan handia egin da udal kudeaketan, –hiritarren arreta zerbitzua, informazio panelak... –, gizarte arloan –inmigrazio plana, berdintasun plana, nagusiei zuzendutako ekintzak–, irisgarritasuna hobetzeko ekimenak...
Zeintzuk izango dira Agenda 21eko hurrengo erronkak? Bigarren ekintza plana diseinatu behar dugu orain; datozen zortzi urteetarako plan estrategikoa izatea gura dugu. Hurrengo urteetan udalaren jardunetan jasangarritasuna lehentasuna izatea ekarriko du. Argi dago dugun egoerarekin arlo ekonomikoak eta sozialak pisu handia izango dutela hurrengo urteetan. Herritarrek ezarriko dituzte garatu beharreko erronkak.
Herritarren parte-hartzeak garrantzia daukala nabarmentzen duzue. Partaidetza barik Agenda 21ek ez luke inolako zentzurik izango. Kontuan hartu 2007an plana garatzeko 9 milloi euro aurreikusi genituela. Azkenean, 15 milioi inbertitu dira,eta inbertsio hori lortu ahal izateko herritarren partaidetza funtsezkoa izan da. Horregatik, orain arte parte hartu ez dutenei parte hartzera animatzea gustatuko litzaidake, Durango iraunkor bat lortzeko denok baitugu ahotsa.
|