Lehendakariak EPPKren azken adierazpenak baloratu ditu Durangon egindako Larrosaren Jaian. Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketarik ez duela aplikatuko ere esan du.
Landako Gunean elkartu dira domeka honetan PSE-EEko hainbat militante, Larrosaren Eguna jai sozialista ospatzeko. Bertan izan dira Patxi Lopez lehendakaria eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia.
Mitinaren orduan, zapatuan Euskal Preso Politikoen Kolektiboak –EPPK– egindako adierazpenak "dezepzionatu" egin duela adierazi du Lehendakariak: "Gure askatasunaren truke ez da ez amnistiarik, ez autodeterminaziorik egongok; legalitatea egongo da, bergizertaratzea aukera emango duen legalitatea".
Larrosaren jaia "askatasunaren jaia" moduan definitu du Patxi Lopezek: "Lehenengo aldia da mehatxu eta indarkeriaren presio barik elkartzen garena". ETAk borroka armatua utzi izana "terroristen oparia" ez dela izan adierazi du, "bide luze baten osteko lorpen demokratikoa" baizik. "Ez dugu gure duintasuna saldu, eta lehen lerroan defendatu ditugu instituzioak, autogobernua eta Zuzenbide Estatua".
Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketen haritik, Euskal Autonomia Erkidegoan horrelakorik ez dela aplikatuko adierazi du Lopezek: "Euskadin lehendakari sozialista bat dagoen artean, ez dira Raxoiren murrizketak egongo, politika sozialak egongo dira eta baliabide publikoak ikerketa bultzatzeko, ekonomia dinamizatzeko eta krisiari aurre egiteko erabiliko dira".
Hauteskunde autonomikoak aurreratzeko eskariei erantzunez, horrelakorik ez duela egingo esan du Lehendakariak: "Jaurlaritzaren helburua herritarren arazoak konpontzea den artean, batzuek presa gehiegi dute boterera heltzeko ahaleginak egiteko". Alderdi horiek "zarata" egiten dute Lopezen berbetan, "euren biluztasuna eta proposamen falta ezkutatzeko".