Aralar: "EAJk ez duen ekimen politikoa oposizioak hartu beharko du"

Anboto 2012ko eka. 1a, 10:30

Dani Maeztuk gobernu taldearen \'lidergo politiko falta\' kritikatu du prentsaurrean, eta oposizioko talde guztiekin batzartzeko asmoa agertu du

Dani Maeztuk gobernu taldearen \'lidergo politiko falta\' kritikatu du prentsaurrean, eta oposizioko talde guztiekin batzartzeko asmoa agertu du.

 

Aurrekontuen eztabaidaren ostean, egoeraren balorazioa egiteko prentsaurrekoa deitu du Aralarrek. Dani Maeztuk gobernu taldearen "lidergo falta" kritikatu du: "2006tik 2011ra langabezia hirukoiztu egin da Durangon, egoera guztiz aldatu da, eta aurrekontu proposamenean ez da ia aldaketarik igartzen".

 

Oposizioko talde guztiekin batzartzeko asmoa agertu du Aralarrek, "EAJk ez duen ekimen politikoa hartzeko". Aurrekontuen luzapenak zer ondorio ekarriko dituen ikusi, eta kreditu aldaerezpenen bidez, osoko bilkurara oposizio guztiak adostutako proposamenak eroateko aukerak ikusten ditu: "Ez dauzkagu alkatetzak dituen hainbat tresna, baina badaude aukerak ekintza politikorako".

 

 Aurrekontuak ezin onartu izatearen errua gobernatzen ez dabiltzanei botatzea leporatu dio Aralarrek EAJri: "Autopistak kontrako norabidean doaz, eta sinestarazi gura digute besteok garela kontran gabiltzanak". Gobernu taldeari transparentziaz jokatzea kostatu egiten zaiola esan du Maeztuk. Aurten informazio eske 50 bat idatzi aurkeztu dituztela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!