Botere kolektiboak bultzatuko joaldia

Anboto 2012ko eka. 1a, 08:13

Jabekuntza eskolen bitartez sortutako ahots eta perkusio tailerretan parte hartutako emakumeek jardunaldia berezia egingo dute, ekainaren 3an, Durangon. Santa Anan eta Alde Zaharrean jardungo dute, 13:00ean hasita

Jabekuntza eskolen bitartez sortutako ahots eta perkusio tailerretan parte hartutako emakumeek jardunaldia berezia egingo dute, ekainaren 3an, Durangon. Santa Anan eta Alde Zaharrean jardungo dute, 13:00ean hasita.

 

Silvia Palumbo kantautore argentinarrak, musika-bandak sortzen esperientzia luzea duenak, hainbat udalerritan eskaini ditu emakumeentzako ahots eta perkusio tailerrak. Jabekuntza eskolen esparruan eskaini izan dira zenbait udalerritako berdintasun sailek bultzatuta. Iaz, Ermua, Basauri, Gasteiz, Ondarroa eta Getxok parte hartu zuten, aurten, Durango, Abadiño eta Billabona gehitu zaizkie.

 

Ondorioz, zenbait emakume-banda sortu dira: danbor, ahots eta mugimendu eszenikoen bidez emakumeek dituzten gaitasunak erakutsi nahi dituzte, botere kolektiboa alegia. Horrela azaldu dute antolatzaileek. "Ez da, berez, batukada bat, eta asmoa ez da era perfektuan jotzea, izan ere, emakumeetako askorentzat lehen aldia da musika egiten ari direla. Kontua da espazio publikoa hartu nahi dela eta emakumeen indarra eta desioak transmititu, hemengo eta nahinongo emakumeena alegia".
 

 

Aste honetan amaitzen dira udalerri ezberdinetan egiten ari diren tailerrak, hortaz, “joaldi” honekin ikastaro amaiera eta (emakumeen) bide berriaren hasiera ospatu nahi da, nabarmendu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!