Gobernu taldearen zirriborroa berandu aurkeztu izana eta enplegu, etxebizitza eta gizarte arloko beharrizanak kontutan hartu ez izana kritikatu dute alderdi guztiek. Aurrekontuak onartu barik, aurreko urtekoa luzatuko da. Inbertsio berriak eta udalak elkarteekin dituen hitzarmenak udalbatzarretik pasa beharko dira.
Batez ere, enplegu eta etxebizitza arloko "proposamen falta" kritikatu du oposizioak, eta parte hartze gabeko prozesurik egon ez delako Aralarrek eta Bilduk osoko zuzenketa bana aurkeztu dute. EAJk "zentzuz egindako proposamena" egin duela defendatu du: "Diru sarrerak gutxituta erabakiak hartzea gaitza da". Akordioetara heltzeko prest egon direla nabarmendu du Goiztidi Diez bozeroaleak; "baina alde guztietatik ezetza jaso dugu".
Bilduk EAJren eredua bera kritikatu du, eta parte hartze prozesurik egon ez izanagatik osoko zuzenketa aurkeztu duela azaldu du. Eider Uribe bozeroaleak diru sarrerak lortzeko bide gutxi proposatu izana kritikatu du. Inbertsioen ataleko hiru milioetatik "1,5 milioi euro lortzeko lursailak salduko dira, baina datozen urteetan zer?". Orokorrean laguntzak % 3 bajatzeko proposamena kritikatu dute, "irizpide eta indikadorerik eduki gabe" egingo litzakeela nabarmenduz.
PSE-EEko Pilar Riosek aurrekontu proposamena atzera botatzea eta "prozesu serio bat" hastea eskatu dio gobernu taldeari. "Akordioetarako borondate falta" salatu du PSE-EEk, eta aurreko urteetan sozialistekin adostutako hainbat proiektu amaitu barik daudela kritikatu du. Arlo sozialean eta enplegu mailako ekimenek lehentasuna eduki beharko luketela adierazi du Riosek.
Aralarrek kontuak eman dizkietela baina azalpen politikoa falta dela kritikatu du: "Oso gaitza da EAJren proiektu politikoa zein den ikustea". Herritarrak kontsultatu ez izana kritikatu du: "Proiektuek adostasun soziala behar dute, batez ere, gaur egun daukagun dirua non gastatu jakiteko". Azken bost urteetan egoera ekonomikoa zeharo aldatu dela nabarmendu dute, "eta aurrekontu proposamenetan ez dago ia aldaketarik". Ekonomia sustatzea eta alokairuzko etxebizitzak eraiktzea eta hutsik dauden etxeak alokairuzko bihurtzeko ekimenak proposatu dituzte, besteak beste.
PPren berbetan, "gobernu taldea ez da gai izan kontsentsua lortzeko". Hamar zuzenketa aurkeztu dituzte popularrek, eta horiek onartzea jarri izan du baldintza moduan aurrekontua onartzeko. "Diru atal batzuk jaitsi dituzte austeritate irudia eman guran, baina ziur irudi hori urtean zehar desagertu egingo dela. Diru sarrera gehiago lortzeko tasak igotzearen alde egin du PPk. EAJren proposamenean etxebizitza arloan inbertsiorik ez dela egingo kritikatu du Juanjo Gaztañazatorre bozeroaleak.
EAJk oposizioaren kritika askotan "demagogia" ikusi du, eta aurrekontuak denon gustokoak ez izatea "normala" dela adierazi du Goiztidik: "Guk gure konpromisoa bete dugu, eta beste udal batzuetan ez bezala, aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu eta eztabaidatu egin dugu".