Portal horretako administratzaileek gainerako bizilagunak ohartarazteko bandoa jarri dute.
Borobil bat eta ‘X’ bat. Horiek izan dira Askatasun etorbideko etxebizitza bi markatzeko erabili dituzten ikurrak. Portal horretako administratzaileek oharra jarri dute beste bizilagunak jakinaren gainean jartzeko. Berehala zabaldu da albistea herri osoan. Sare sozialetan ere ohar horren argazkia bolo-bolo dabil. “Seinale horiek pisu horretara lapurretan egitera sar daitekeela adierazten dute”, dio administratzaileak. Gaineratu duenez, solairu bereko bi pisuren atarian agertu dira ikurrak, felpudo gainean.
Ertzaintzak ez du sinestu
Seinale horien inguruan galdetuta, Ertzaintzak ez die sinesgarritasunik eman: “Lapurretan egin gura duena, beste barik lapurretan sartzen da; ez du markarik egiten”. Durangoko Ertzain Etxeko arduradunen berbetan, jendearen ahotan dabilen gaia izan arren, ez dute horrelako kasuen berririk. “Jendeak aldiro kontatzen duen gaia da, baina guk ez dugu salaketarik jaso”.
Durangoko udaltzainen buruak ere kasua bandoaren bidez ezagutu dutela azaldu du. “Bandoa ikusterakoan zer gertatu den jakin gura izan dugu. Hala ere, guk ez dugu antzeko kasuen inguruko informaziorik”.