Alarguntza-pentsioei buruzko jardunaldia, domekan

Anboto 2012ko mai. 12a, 08:58

Emakume alargunak \'desberdintasun egoeran\' daudela kritikatu du alargunen federazioak

Emakume alargunak "desberdintasun egoeran" daudela kritikatu du alargunen federazioak.

 

Alarguntza-pentsioa: berdintasun esperientzia? titulupean, alarguntza-pentsioaren legean egindako aldaketen berri eman eta informaziorako jardunaldia antolatu du Euskadiko Emakume Alargunen Federazioak Durangon. Domekan, Landako gunean eskainiko dute berbaldia, 10:00etatik aurrera.

 

Jardunaldia alargunei eta eurekin behar egiten duten profesionalei zuzenduta dago. Federazioko presidente Maite Bilbaoren berbetan, emakume alargunek  “desberdintasun egoera” bizi dute. Horren adibide ipini du langabezia subsidioa eta alarguntza-pentsioa bateragarriak ez izatea.

 

Bilbaok nabarmendu du krisiak kaltetu egin dituela alargunak: “Askok, pentsio miserablea izanda ere,  langabezian gelditu diren seme-alabei lagundu behar diete”. Andra alargunen perfila etxean behar egin duen emakumearena dela gogoratu du: “Senarrak kotizatu zuen, eta ez da baloratzen alargunek etxean egin duten lana; ekonomia familiar hori ondo eroatea ezinbestekoa da sistema osoarentzat”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!