Agenda 21en zehaztutako ekintzen %90 beteta, datozen zortzi urteei begira

Anboto 2012ko mai. 7a, 14:01

Abendurako ekintza plan berria egitea da asmoa. Horretarako, gaikako bost talde sortzea aurreikusi du udalak, orain arteko ekintzen ebaluazioa egin eta diagnostiko berria egiteko. Herritarren lehen foro irekia maiatzaren 17an egingo dute

Abendurako ekintza plan berria egitea da asmoa. Horretarako, gaikako bost talde sortzea aurreikusi du udalak, orain arteko ekintzen ebaluazioa egin eta diagnostiko berria egiteko. Herritarren lehen foro irekia maiatzaren 17an egingo dute.

 

Foro ekonomikoa, merkatarien foroa, gizarte arloko foroa, gazteen foroa eta herritarren foro irekia. Bost talde proposatu dituzte Durangoko Udaletik datozen zortzi urteetan Agenda 21ean behar egiteko. 2006 amaieran diseinatutako Ekintza Planaren % 90 beteta, plan berri bat diseinatzen hasteko ordua da; maiatzean hasiko dira foroekin.

 

Arloka helburu batzuk finkatzeko beharra hasiko da beraz. Aitziber Irigoras Durangoko alkateak azaldu duenez, foro ekonomikora enpresak, sindikatuak eta eragile ekonomikoak gonbidatuko dituzte. Merkatarien foroan PERCO mahaiaren parte-hartzaileak egongo dira. Gizarte forora gonbidatuko dituzte arlo horretan behar egiten duten elkarte eta GKEak. Irigorasek aipatu du gizarte arloan behar egiteko premia dagoela: "Orain arte ingurugiroari eman zaio agian garrantzia handiagoa". Gazteen forora ikastetxeak eta gazteak batzen dituzten elkarteak gonbidatuko dituzte eta azkenik, herritarren foro irekiak orain artekoak modukoak izango dira.

 

Gaur egungo diagnostikoa egiten hasteko lehen foroa maiatzaren 17an izango da, 19:00etan, Elkartegian. Bertan, lehen ekintza planaren ebaluazioa aurkeztuko dute herritarrek ekarpenak egiteko. Foroez gainera, Agenda 21eko web gunean eta sare sozialetan ere badaude aukerak batzarretako dokumentazioak deskargatu eta ekarpenak egiteko.

 

Ekintzen % 90 exekutatuta

2007 eta 2011 artean burutzeko Ekintza Planen ebaluazioan hainbat ekintza nabarmendu dituzte alkateak eta Aitor Larruzea Agenda 21eko teknikariak: ikastetxeetan egiten duten Eskolako Agenda 21 aipatu dute, eta hor, Landako Eskolan egindako Eskola Bidea egitasmoa. Aldaketa klimatikoaren kontrako plana, mugikortasun jasangarriaren plana eta airearen kalitatearen plana azpimarratu dituzte.

 

Aitor Larruzeak azaldu duenez lehen ekintza planerako 9 milioi euro aurreikusi ziren, eta azkenean 15 milioi euro gastatu dituzte: "Inbertsioa garrantzitsua dela jakin behar dute herritarrek, eta horregatik dela inportantea durangarrek ekarpen ugari eta baliagarriak egitea". Alkatearen berbetan, "hamar urtetan udalean egon diren hiru korporazioetan Agenda 21eko gaiek kontsentsu handia izan dute talde politikoen artean; hor ikusten da lantzen diren gaiak oinarrizkoak direla herria diseinatzeko orduan".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!