Baldosa bereizgarri batzuekin hamalau geldialdi markatu dituzte Durangoko leku esanguratsuen alboan. Audiogidekin informazio historiko eta artistikoa entzun daiteke.
Turismo bulegoan, Lariz Torren bertan, aurki daiteke ibilbideko lehen baldosa. Bulegoan audiogidak eta ibilbideko planoa hartu, eta Alde Zaharrean barrena ibilaldia prestatu dute: Santa Ana plaza, udaletxea, Ezkurdi, Andra Maria, Kurutziaga, Pindondo, Tabira... Durangoko leku esanguratsuak bisitatu eta haien inguruko informazioa entzuteko aukera "eroso, erraz eta lasaia" eskaini gura izan dute audiogidekin.
Turistentzat eta durangarrentzat eurentzat ere interesgarria izan daitekeela adierazi dute aurkezpenean Aitziber Irigoras alkateak eta Natalia Naberane turismo teknikariak. Hainbat istorio ezagutu ahalko dira ibilaldian; adibidez, Ezkurdin aintzinako pilotalekuaren gaineko informazioa emango dute, eta "duranguier" berba Iparraldean erabiltzen zela artileagaz behar egiten zuten artisauak izendatzeko. Durangoko bonbardaketaren inguruko informazioa ere badagoela nabarmendu du alkateak.
Testuen autoreak Iñaki Perea eta Teresa Campos historialari eta arkelogoak izan dira, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez entzun daitezke audiogidako azalpenak. Ekainaren 1era arte aparailuak doan probatzeko aukera dagoela adierazi dute. Ekainetik aurrera euro baten truke mailegatu ahalko dira. Turismo bulegoaren web gunean ibilbideko plano interaktiboa dago eta audioak deskargatu daitezke.
La Caixaren gizarte ekintzak egitasmo honetan lagundu du: Udalagaz egindako lankidetza hitzarmen baten bidez, 12.000 euro ipini ditu La Caixak. Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza ere izan du udalak egitasmoa prestatzeko.