‘Txema’ Lasak 1976-77 denboraldian UEFA eta Errege Kopako finalak jokatu zituen Bilboko Athleticegaz. Biak galdu zituen. Aurretik, ordea, Errege Kopa bat irabazia zuen Castelloren aurka. Aurten, Europa League irabazteko aukera gehiago ikusten ditu Durangon bizi den andoaindarrak.
1977ko UEFA finala Juventusek irabazi zuen kanpoan sartutako golen balio bikoitzagatik. Zer oroitzapen duzu?
Gogoan dut irabaztea merezi genuela. Han 1-0 galduta hemen partiduari buelta ematea posible zen, baina nahiko hasieran sartu zuten gola erabakiorra izan zen. Aukera asko izan genituen, baina Dino Zoff-ek jaurtitako dena geratu zuen. Ikaragarria izan zen atezain horrena. Bera barik partiduak 4-1 amaituko zuen. Epaileak ere ez zigun mesede handirik egin.
Ostean, urte berean, Errege Kopa galdu zenuten, Betisen kontra eta penaltietan.
Partidu horretan lesionatu egin nintzen gainera. Bigarren zatian aldatu egin ninduten. Nire ustez finalean zorte txarra izan genuen. Partidua kontrolpean izan arren, ez genuen asmatu. Ondoren, penaltiak etorri ziren eta ez ginen ondo ibili.
Txapeldunaren loria bizitakoa ere bazara. Athleticen emandako lehenengo urtean Errege Kopa irabazi zenuen.
Bai, 1972-73 denboraldian irabazi genuen, Castelloren aurka. Harmailetako giroa ikaragarria izan zen. Castellok lau mila bat zale eraman zituen Santiago Bernabeura eta gainerako denak Athletic zaleak ziren. Ospakizunak ere hunkigarriak izan ziren. Autobusez bueltatu ginen eta Otxandion eta Durangon geraldiak egin genituen; txanpanagaz ospatu genuen garaipena. Ez dut berbarik egun haiek deskribatzeko. Ortuan lanean zebiltzan baserritarrak, aitzurra utzi eta korrika etortzen ziren autobusera, txaloak jo eta euren poza agertzera. Hunkigarria zen, ezin genuen sinestu. ‘Hau guztia posible da?’ esaten genion elkarri.
Europa Leagueko finalean zer aukera ikusten dizkiozu aurten Athletici?
Simeonegaz hobetu egin da Athletico Madrilen jokoa, baina badakigu zer eman dezaketen, eta ez da sorpresarik egongo. Irabazi dezakegula uste dut. Valentzia arerio arriskutsuagoa zela esango nuke.
Ondoren, Kopako finala etorriko da. Bartzelonaren aurka zer aukera du Athleticek?
Athleticek eta Bartzelonak antzerako jokamoldea dute. Gertatzen dena da Bartzelonak begiak itxita jokatu dezakeela urte asko daramatzalako filosofia berdinagaz. Athletic aurten hasi da eta emaitza oso ona eman dio orain arte. Partidu oso polita ikusiko dugula uste dut, baina irabazteko zailagoa da. Europa League irabazteko aukera gehiago ikusten dut.
Non ikusiko dituzu partiduak?
Etxean, tabernan edo txokoan lagunekin. Durangon, urrun barik ibiliko naiz.
Zein antzekotasun eta diferentzia ikusten dizkiezu orduko eta oraingo taldeei?
Diferentzia asko daude, futbola bera ere asko aldatu delako. Prestaketarena eta elikadurarena adibide argia da. Lehen asko pentsatu barik jaten genituen tortilak, okela xerrak, arrautzak… Orain zorrotz daramate hori guztia. Gure sasoian, Patxi Angulo izan zen elikadura arautzen hasi zitzaiguna, gaur egun Athletic-eko medikua den Paco Anguloren aita.
Marcelo Bielsaren lana zer iruditzen zaizu?
Iazkoagaz alderatuta ia talde bera du Athleticek eta Bielsak bere jokatzeko modua eta bere filosofia gehitu ditu. Alde horretatik aldaketa izugarria jasan du taldeak. Aurreko urteetan teniseko partiduak ematen zuten Athleticen partiduek. Iaz ere zelai erdikoek mugitzen zuten baloia, ez diot ezetz, baina aurten desberdina da.
Aurten San Mamesera joatea gozamena dela adierazi duzu.
Halaxe da-eta! Atsedenaldiko otartekoak ere gozoagoa ematen du aurten.
Athleticeko zein jokalarik erakarri du zure arreta aurten?
Izan duen garapenagatik, De Marcosek. Motorren bat du nonbait ezkutatuta; atzean, aurrean, alde guztietan dago! Iturraspe ere maila handian dabil.
Berriro final bitara heltzea zaila izango da.
Aurten oso talde ona dugu, edozein egoera, une eta partidutan aurpegia emateko prest dagoena. Hori gutxi balitz, jokalari asko oso gazteak dira. Kontua da, aurten lako denboraldi bat errepikatzeko hainbat faktorek bat egin behar duela eta hori zaila da. Baina oraindik aurtengoa ez da amaitu!