Nekane Juradoren berbetan, egungo krisia ez da ekonomikoa bakarrik. Amalurra eta balore femeninoen bidea hartuta aldaketarako pausoak emateko premia ikusten du. Egungo eredu ekonomikoa guztiz aldatu, eta auzolana aldarrikatuko du gaur, Andragunean: ‘Krisiaren irtenbidea: ekosoziofeminismoa’ berbaldia emango du, 18:30ean.
‘Ekosoziofeminismoa’ zer den labur azaldu ahal duzu?
Bizi dugun krisia ez da ekonomikoa bakarrik; estrukturala da. Lehengaien krisia dago, energiarena, osasunarena, genero hartu-emanena, baloreena... Horregatik, erabat berria izango den eredu bat behar dugula pentsatzen dut. Amalurra errespetatuko duen eredua izan behar da, eta sozialista, zentzu sozialean; ekonomia komunitatearen zerbitzura egon beharko da, merkatuen zerbitzura egon ordez. Horretarako, balore batzuk behar dira: elkartasuna, babesaren ekonomia, baztertzailea izan beharrean inklusiboa izango dena...
Balore horiek krisian badaude, egoerari buelta emateko aldaketa handia egin beharko da.
Erradikala izan behar da. Gertatzen dabilena ez da krisi ekonomikoagatik gertatzen; zibilizazioaren krisiagatik baino. Oraindik aurre-krisian gaude, ez dugu krisiaren hondoa jo, eta honek 1929koa gainditu dezake. Horrez gainera, sistema globala lorpen sozialak deseuztatzen dabil, eta jendea horretaz konturatzen hasi da. Merkatuak Txina lako herriekin dabiltza lehiatzen, eta han ez dute ongizate estaturik. Ba, han gutxiengoak ipini barik, hemen kentzen dituzte eskubideak. Egoera ez da konponduko merkatuek nahikoa irabazten dutenean, burtsa igotzen denean edo Barne Produktu Gordina (BPG) igotzean. Ematen du lana sortzeak eta gizarte babesa edukitzeak ez daukala garrantziarik. Aldaketak iraultzailea izan behar du, bestela sistema honen esklabu izaten jarraituko dugu.
Hazkunde ekonomikoa baino, zentzuagaz eroandako desazkundea proposatzen duzu.
Daroagun bizitza erritmoagaz jarraitzeko ia hiru Euskal Herri beharko genituzke: beste herrietako energia errekurtsoak erabiltzen ari gara, hondakinak beste leku batzuetara eroaten ditugu... Ezin dugu muga barik hazten jarraitu. Lurragaz dugun oreka zaindu behar dugu. Ekonomiaren osasuna baloratzeko BPG hartzen da kontuan. Bada, Prestigen garbiketa lanek diru asko mugitu zuten, eta horrek BPG igo zuen. Errepideak egoera txarrean badaude istripuak egoten dira, eta txapisten, lora saltzaileen eta funerarien gastuekin BPG igotzen da. BPG igotzea ez da bizitza kalitate ona edukitzea. AEBetan arma industriagaz igotzen da BPG. Ongizate soziala sortzeko jardueren bidez igo beharko litzateke BPG. Dirua hor dago; bankuei dirua ematen jarraitu edo hezkuntzan inbertitu, horiek aukera politikoak dira.
Murrizketak osasuna eta hezkuntza lako arloetan egiten dituzte. Arlo horiek ez direlako errentagarriak?
Hori esaten dute, baina hain justu errentagarriak direlako pribatizatu gura dituzte. Hasteko, esaten digute sektore publikoan zor handiak daudela, eta gero, AEBetan legez, sektore pribatuak bete dezala paper hori. Jendeak beti beharko du osasun zaintza eta formazioa, eta badakite familiak hori lortzeko ordaintzeko prest daudela. Valentzian eta Madrilen badabiltza horrelako pausuak ematen. Momentu historiko honen gauzarik onena da karetak kentzen dabiltzala. Gerra Hotza amaitu zenetik, ongizate estatua deusezten ibili dira, eta krisiak azkartu egin du prozesu hori. Duela urteak lege bidezko prekarizazioari buruz berba egiten genuenean jendeak ez zuen ulertzen. Orain hori azaleratu egin da, eta horregatik, aldaketarako egoera hobea dago.
Krisiak emakumeengan eragin handiagoa duela esan duzu inoiz. Zer ekarpen egin diezaioke feminismoak egoera honi?
Baloreak: elkartasuna, babesa, lan komunitarioa... Balore horiek denak femeninoak izan dira. Etxera begiratu behar da, barnera, komunitatera, eta bizitza premiei erantzun. Gure ama eta amamek gauza gutxigaz guztien premiak asetzeko lana egiten zuten, eta emakumeek beti eduki dituzte baliabideak premiei beste era batera erantzuteko.
Praktikan, ze ekintza proposatzen duzu?
Auzolana. Baserrietan beti izan den hori herri eta hiri guneetara zabaldu behar da. Elkarbanatu eta gauzak beste era batera egiteko ekimen ugari sortu dira. Denboraren bankua lako egitasmoak, komunitatearen premietan komunitate osoa inplikatzeko moduak dira. Heldu gura dugun eredura heltzeko bidean laguntzen dute horrelako ekimenek.
Baikorra zara? Eredu hau aldatzeko modurik ikusten duzu?
Aldaketa horren zantzuak nabaritzen hasi naiz hainbat lekutan. Ez dakit zelan, baina uste dut eredu berrira bultzatuko gaituen zerbait etorriko dela. Ez dakit langabeziak zifra handiak gaindituko dituen, lurrikara bat edukiko dugun edo petrolioaren prezioa bikoiztu egingo den... Krisi guztiak zabalik daude, eta euretako bat beste guztiak azaleratzeko detonagailua izango da. Gazteengan eta pertsona nagusiengan aldaketa horretarako gogo handia ikusten dut. Auzolana eta baloreak landu behar dira.