"Lan istripuei eta lan arloko gaixotasunei ez zaie behar beste garrantzia ematen"

Anboto 2012ko api. 27a, 13:15

\'Lana bizigai\' kanpainaren baitan, gaixotasun profesionalak eta lan istripuak aitortzeko eta elkartasuna adierazteko ekitaldia egin dute Tabira Pastoral Barrutiak eta Langile Pastoraltzako Elizbarrutiko Idazkaritzak

\'Lana bizigai\'  kanpainaren baitan, gaixotasun profesionalak eta lan istripuak aitortzeko eta elkartasuna adierazteko ekitaldia egin dute Tabira Pastoral Barrutiak eta Langile Pastoraltzako Elizbarrutiko Idazkaritzak.

 

Krisi garaian lan istripu kopurua hazi egin da. "Prekarietatea handitu da, kontratu laburretan ez dago formaziorako ia astirik eta murrizketak segurtasunean egin dituzte hainbat enpresek". Maite Valdivieso Peñaren berbak dira. Bera Langile Pastoraltzako Elizbarrutiko Idazkaritzako zuzendaria da. Bihar, apirilak 28, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, gaur elkarretaratzea egin dute "laneko ezbehar eta gaixotasunen biktimei eta euren familiei elkartasuna adierazteko".

 

Bizkaian aurten beharrean hildako pertsonen inizialak eta lore sortak ipini dituzte Durangoko udaletxe aurrean. Datuak eman dituzte: egunean batazbeste 6.300 pertsona hiltzen dira munduan lan istripu edo lan arloko gaixotasunengatik. EAEn, iaz 81.149 lan istripu izan ziren eta 61 beargin hil ziren, Lan eta Gizarte Gaietarako sailaren arabera. 2012ko lehen hilabeteotan 5.675 istripu egon dira eta 12 langile hil dira. Amiantoaren eraginez hildako langileen kopurua ere aipatu dute: 156.

 

Tabira Pastoral Barrutiko kideek azaldu dutenez, "lan istripuen arazoari ez zaio behar beste garrantzia ematen". Arlo horretan kristau komunitateak ere konpromisoa hartu behar duela aldarrikatu du Maite Valdiviesok: "Elizaren papera pertsonen alboan eta gizarteko arazoetan inplikatzea da, eta lan arloan ardura handia dugu". Gaixotasunak eta istripuak arlo pribatuan geratzen direla nabarmendu du Valdiviesok: "arazo sozial eta laborala da eta biktimek babes psikologiko eta juridiko gehiago eduki beharko lukete".

 

Langile Pastoraltzako Elizbarrutiko Idazkaritzak dekalogo bat osatu du lanean biktimarik ez egoteko konpromisoekin:

1- Etsimenduari aurre egin

2- Erantzukizunak salatu

3- Laneko osasuna gizarte lehentasun bihurtu

4- Lan eskubideen errespetu eraginkorra sustatu eta laneko behin-behinekotasunari aurre egin

5- Laneko Arriskuen Prebentziorako Legea lantoki guztietan bete dadila

6- Prebentziorako kultura sustatu lanean

7- Sindikatuen ekintza eragin

8- Laneko osasun eskubidea unibertsal bihurtu

9- Elkartasuna eragin, biziaren kultura berria eratzeko

10- Laneko ezbeharren biktimen eta lanean osasuna galtzen dutenen ondoan egon

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!