Karlistek Durango hartu zuten egunaren urtemugan, herrian egindako gehiegikeriak salatu ditu elkarteak.
Bihar, apirilak 28, 75 urte beteko dira Montejurra tertzioko karlistak Durangora sartu zirela. Urte askoan ospatu egiten zen Liberazio Eguna. Herria hartu eta gero egon ziren hilketa, bortxaketa, lapurreta eta gehiegikeriak gaitzetsi ditu Durango 1936 Kultur Elkarteak: “Handik 75 urtera, krimen horiek guztiek zigor barik diraute”.
Faxistek preso hartutako herritarrak esklabo erabili zituztela nabarmendu du Durango 1936-k, ohar bidez: “Bonbardaketak birrindutako Durango garbitu eta berreraiki behar izan zuten”. Testuan kritikatu duenez, etxeak okupatu eta lur-sailak lapurtu zituzten faxistek, eta hainbat sexu eraso ere bai. Zornotzan, adibidez, tradizionalistek 30 andra aste beterako bahitu zituztela azaldu dute.
Testigantzak
Elkarteak nabarmendu duenez, “desagertu eragin zituzten lagunen kopurua eta izen-abizenak ez dakizkigu oraindino”. Durango 1936-k gerran eraildako eta desagertutako pertsonen datu basea osatzen eta testigantzak batzen jarraitzen du.