Landako kirol guneko saskibaloi kantxak margozteko eta barnizatzea dago premien artean. 23.000 euroko kostua izango dute lanek. Kantxak irailerako federerazioaren araudi berrira egokitu ezean, ezingo litzateke bertan jokatu.
Herriko kirolgune publikoak kudeatzen dituen Durango Kirolak erakunde autonomoari 60.000 euro ematea onartu dute osoko bilkuran, laster martxan ipiniko dituzten hobekuntzetarako. Kreditu aldaketa baten bidez bideratu dute diru hori erakunde autonomora.
Saskibaloi kantxak atontzeaz gainera, Landakon, rokodromo alboko futbito zelaietan larrialdietarako ate bi ipintzea dago hobekuntzen artean. Futbitora jokatzeaz gainera, zelai horiek askotariko ekintzak egiteko erabiltzen dira gaur egun, eta araudiak dio larrialdietarako ateak ezarri behar direla horrelako espazioetan. Behar horietarako 30.091 euro beharko dituzte.
Horrez gainera, Tabirako igerilekuetan kloroa eta produktu kimikoak dosifikatzeko makina apurtuta dago eta berri bat erosteko 6.839 euro beharko ditu Durango Kirolak-ek.
Kreditu aldaketaren alde bozkatu dute alderdi guztiek, Aralarrek izan ezik; abstenitu egin da. Dani Maeztu Aralarreko zinegotziak azaldu duenez, kreditu aldarazpenak "beharrezkoak" dira alderdiaren ustez, "baina urtean zehar gastu puntualak barik, asko errepikatzen diren aldaketak dira". Aurrekontuen eztabaidan sakontzeko premia ikusten du Maeztuk; "geldikinekin zer egin eztabaidatzen ibili beharrean".