Aralarrek osoko zuzenketa aurkeztuko die aurrekontuei. Gobernu Taldearen proposamenari \'babes soziala falta\' zaiola diote eta talde politikoei \'informazio garrantzitsua erraztu ez izana\' salatu dute.
“Parte hartzea politika ulertzeko eta egiteko modua bat da, batez ere herri mailan”, dio Aralarrek. Gaur egungo testuinguruan, diru sarrerak murriztu direnez, gastuaren kudeaketa egiterakoan “iritzi eta ikuspegi ezberdinak izan behar dira eta oinarrizkoa da herritarrei galdetzea non inbertitu gura duten”. Horrela, proposamenean ageri diren inbertsioen garrantzia zalantzan ipini barik, “horien oinarrian, babes sozialak egon behar luke eta ez babes politikoak bakarrik”.
Aralarrek osoko zuzenketa aurkezteko bigarren arrazoia Gobernu Taldea “parte hartze politikoari ateak irekitzearen aurka dagoela” da. Aurrekontuak berandu aurkeztu dituztela gogoratuta, gainerako alderdiei euren lanketa egiteko “informazio garrantzitsua” falta zaiela salatu dute: “Ez daukagu 2011ko itxieraren eta likidazioaren daturik. 2012ra begira, udal erakunde autonomoentzat aurreikusi den gastu zehatza ere ez da aurkeztu. Datu horiek gabe ezinezkoa zaigu berdintasunean aurrekontuen inguruko eztabaida egitea”.
Beraz, laburbilduz, Gobernu Taldeari eskatzen diote “herritarren parte hartzea bermatzeko konpromisoa hartu dezala” eta “exijitzen diogu talde politikoei informazioa erraztea, gardentasunaren izenean”. Baldintza horiek beteta "prest gaude eztabaidarako"