Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak Durangon egunerokotasunean euskaraz bizitzea \'ezinezkoa\' dela azalarazteko hiru ikus-entzuneko sortu ditu. \'Euskaraz bizi gura dugulako, hizkuntza politika burujabea\' lelopean abiatutako ekimena da.
Herrian sortzen diren egoerak dira salatu gura izan dituztenak: Udaltzaingoa, zenbait administrazio eta udalbatzarra. Durangoko Udalaren "erantzukizuna" direla nabarmendu gura dute. "Euskaldunok lotsatzeari utzi behar diogu eta holako egoeren aurrean harrotasuna atera behar dugu, euskaraz bizitzeko eskubide osoa dugulako, Durangoko eta Euskal Herriko berezko hizkuntza delako", diote EHEko kideek.
Landutako bideoetan "edozein unetan gutariko edonori gertatzen" zaizkion egoerak batzen dituzte bideoek EHEk azaldu duenez. Herritargoa ohartaraztea eta udalaren jarrera salatzea izan dute helburu, "Durango euskalduntzeko asko du egiteko-eta udalak".
EHEk gogoratu du Euskararen Udal Araudia onartu zela ia urte bi direla eta barne erabilerarako euskara plana ere onartu zela denbora dela: "Hala ere, argi ikusi daiteke ez dela posible udaleko langile guztiekin euskaraz tratatzea, eta politikoen euskararen erabilera ere lotsagarria da. 21 zinegotzitik 9 ez dira gai euskaraz defendatzeko, horrek ekartzen duen funtzionamendu eta gertutasun arazoagaz".