+Dendak-ek ontzat eman du geltokiko merkatalgunea

Anboto 2012ko api. 20a, 08:26

4.400 metro koadroko merkataritza-gunea eta aparkalekua eraikiko dituzte

4.400 metro koadroko merkataritza-gunea eta aparkalekua eraikiko dituzte

 

Mehatxu moduan beharrean, aukera legez ikusten du tren geltoki alboko merkatal-gunearen proiektua Durangoko +Dendak merkatari eta ostalarien elkarteak. Geltokiaren inguruan 4.400 metro koadroko merkatal-gunea eta hiru solairuko parkinga (396 autorentzako leku) daude aurreikusita.

 

Supermerkatuak 1.800 metro koadro edukiko ditu. Beste 1.700 metro koadro, lokaletarako: 16 eta 40 lokal artean. 1.000 metro koadro gehiago ostalaritzarako. Eta aisialdirako eskaintza ere izango du. “Durangaldeko jendea autoa hartu eta beste leku batzuetara joaten da horrelako aisialdi eta erosketa eskaintza bila. Jendea berton gelditzen bada, herriko merkataritzarentzako ona izango da”, Santiago Reyesek dioenez, +Dendak-eko arduradunak. Zehaztu duenez, galeria komertzialaren espazioa  mugatua izango da. “Eusko Trenbide Sareagaz hartu-emanetan egon gara proiektua herriko merkataritzagaz bat etortzeko” .

 


EAJ eta PSEren eztabaida

Durangoko EAJk proiektua  komunikabideen bitartez ezagutu izana kritikatu du. Ildo horretatik, Aitziber Irigoras alkateak komunikazio protokoloa martxan jartzea eskatu dio PSE-EEri,  udala eta  merkatariak informatzeko.
Kritikari honela erantzun dio Pilar Rios zinegotzi sozialistak:  “Ematen du alkatea ez dela enteratu proiektuak Durangoko merkatarien ekarpenak izan dituela”. Parte-hartzearen inguruko “lekziorik” ezin diola inori eman leporatu dio PSE-EEkoak Irigorasi. Gaineratu duenez, hainbat elkartek eta erakundek alkateagaz batzartu gura izan dute eta ez dute erantzunik jaso: “Landakoko eskolak arazo ekonomikoak ditu, gasa eta argia ordaintzeko arazoekin dabil eta ez du udalaren ekarpenik jaso oraindino”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!