Barne sailaren kontrako pintadak gaitzetsi dituzte EAJk, PSE-EEk eta PPk

Anboto 2012ko api. 19a, 10:51

Bozeramaile batzordean pintaden egileei \'ondare publikoa zein pribatua errespetatzeko\' eskatu diete. Bilduk eta Aralarrek ez dute gaitzespenaren alde bozkatu, beste alderdiek ez dutelako \'Iñigo Cabacasen heriotza sortarazi zuten gertaerak aipatu\'

Bozeramaile batzordean pintaden egileei "ondare publikoa zein pribatua errespetatzeko" eskatu diete. Bilduk eta Aralarrek ez dute gaitzespenaren alde bozkatu, beste alderdiek ez dutelako "Iñigo Cabacasen heriotza sortarazi zuten gertaerak aipatu".

 

Apirilaren 13an agertu ziren pintadak Durangoko hainbat hormatan. EAJk, PSE-EEk eta PPk pintadak kritikatu, eta herriko hormak "ekintza bandaliko horien biktima" izan direla azaldu dute bozeramaileen batzordean. Pintadak garbitzeko "tratamendu gogorra" erabili beharko dela eta ondarean kaltea eragingo dutela nabarmendu dute, eta horrek gastu handia ekarriko duela. Durangar guztiek ordaindu beharko dutela azpimarratu dute: "gutxi batzuek egin dutena denok ordaintzen dugu".

 

Bilduko eta Aralarreko bozeramaileek ez dute akordioaren alde bozkatu, euren ustez "oinarrizkoak diren hainbat argudio" falta direlako testuan. Bilduk ohar baten adierazi duenez, Iñigo Cabacasen heriotza deitoratzeko, eta lagunei eta familiari elkartasuna adierazteko eskatu dute bozermaileen batzordean, baina ez dituzte argudi horiek gehitu. Udalak pilotakadaren auzian ikerketa eta ardurak eskatzea exijitu beharko luke Bilduren ustez, "larria da inolako azalpen ofizialik eman ez izana". Ertzaintzari gomazko pilotak erabiltzeari uko egiteko deia ere egin gura izan du Bilduk, baina esan bezala, bere proposamenak ez dira kontuan hartu.

 

Aralarreko udal taldeak ere, oharra bidali du, eta azaldu du "adierazpen bateratua sinatzeko borondatea" adierazi dutela, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk "ez dute nahi izan Iñigo Cabacas gaztearen heriotza sortarazi zuten gertakariak aipatu", eta "ezinbestekoa" da Aralarrentzat, "pintadak gaitzesteko prentsa oharra plazaratzean aipatutako heriotza bortiza aipatzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!